Entzimak molekula organikoak dira, bizidunek sintetizatuak, oso prozesu espezifikoak modu eraginkorrean katalizatzeko gaitasuna dutenak.[1] Beste hitz batzuetan esanda, erreakzio kimikoen abiadura handitzen dute, horien oreka kimikoa aldatu gabe.[2] Gehienek proteina-izaera dute, baina entzima gisa jarduten duten RNA molekulak ere daude, erribozimak, alegia.[3][4]
Entzimek substratu deritzen molekulen gainean eragiten dute, eta horiek erreakzioaren amaieran produktu bilakatzen dira. Substratuari lotzen zaion entzimaren guneari zentro aktibo deritzo, eta bertan aktibitate katalitikoa gertatzen da. Beraz, zelula-prozesu gehienetan beharrezkoa da entzimen presentzia biziarekin bateragarriak diren erreakzio-abiadurak lortzeko. Are gehiago, egun badakigu 4.000 inguru direla entzimen parte-hartzea nahitaezkoa duten erreakzio biokimikoak.[5]
Erreakzioen abiadura azkartzeko, entzimek horien aktibazio-energia murrizten dute; hau da, erreakzioa gertatu ahal izateko beharrezkoa den energia kantitatea jaisten dute. Katalisian zehar entzimek ez dute erreakzioaren oreka kimikoa aldatzen. Era berean, entzimek ez dute inongo aldaketarik jasaten lanean ari diren bitartean, eta berriro erabil daitezke erreakzioa amaitzen denean.
Aktibitate optimoa izan dezaten, ezinbestekoa da ingurune-baldintza espezifikoak mantentzea, hala nola tenperatura, pH-a eta presioa. Izan ere, parametro fisiko-kimiko horien aldaketek entzimaren aktibitatearen galera eragin dezakete. Bestalde, entzimen jardueran eragina duten hainbat molekula daude. Alde batetik, inhibitzaileek entzimen jarduera apaltzen dute eta, bestetik, aktibatzaileek entzimen jarduera areagotzen dute. Esate baterako, botika eta pozoi ugari inhibitzaileak dira.
Erabilera komertziala duten entzima ugari dago, adibidez, antibiotikoen ekoizpenerako erabiltzen direnak. Horrez gain, hainbat prozesu industrialetan ere erabiltzen dira, besteak beste, elikagaien, bioerregaien eta farmakoen ekoizpenean.