Mikrobiologian eta medikuntzan, eramaile osasuntsua edo eramaile asintomatikoa mikrobio patogeno bat duen baina gaixotasun infekziosoa ez duen pertsonari deritzo.
Mikrobio patogeno bat infektatzen duenean (hots, gure gorputzean sartzen denean) gaixotasun infekziosoa eragiten du eskuarki, baina ez beti. Gizabanako batzuek mikrobio patogeno hori eramaten dute gorputzeko atal batean (sudurrean, eztarrian, hesteetan, organo sexualetan...) baina ez dute inongo gaitzik sufritzen.
Ez da ondo ezagutzen zergatik infektatuta dauden gizabanako batzuek gaixotasun infekziosoa garatzen duten eta beste batzuek (eramaile osasuntsuak) ez. Ziur aski immunitate-sistemaren jarduerak zerikusi handia du gaixotasunaren agerpenean.
Eramaile osasuntsuak oso arriskutsuak dira gaixotasun infekziosoak kutsatzeko orduan. Chlamydia trachomatis bakterioa (klamidiasi gaitza sortzen duena) duen eramaile osasuntsu batek, adibidez, beste pertsona edo pertsona batzuk kutsatu ditzake harreman sexualen bidez. Eramaile horiek osasuntsuak diruditenez, gaixotasunak ez kutsatzeko ohiko neurriak ez dira hartzen, eta kutsapena errazago eman daiteke.
Mikrobio patogenoak daramatzaten baina mikrobio horiek sortzen duten gaixotasun infekziosoa ez duten eramaileak hiru motakoak izan daitezke:
eramaile akutuak: gaitza inkubatzen ari diren pertsonak dira. Ustez osasuntsuak direnak, mikrobio patogenoa dute baina gaitza ez da oraindik agertu inkubazio epean dagoelako [1]. Adibidez, GIB birusarekin kutsatu diren gizabanakoek inkubazio epe luzea dute, eta HIESaren sintomak agertu aurretik osasuntsu daude, nahiz eta beste pertsona batzuk kutsatu ahal izan.
eramaile kronikoak: hauek dira eramaile osasuntsuak, gaitza ez dutenak eta inoiz izan ez dutenak. Pertsona batzuek Streptococcus pyogenes bakterioa duten haien eztarrietan, faringitisa sufritu gabe. Beste batzuek Streptococcus pneumoniae daramate nasofaringean, pneumonia garatu gabe. Ez dira gutxi Staphylococcus aureus bakterioa goiko arnas aparatuan duten eramaileak. Eta ohikoa ez izan arren, azkenik, GIBa daramaten eramaile gutxi batzuek ez dute inoiz HIESarik izango, birusa eraman arren.
gaitza pasatu duten eramaileak: gizabanako hauek infektatuta izan dira eta gaitza pasatu dute. Sendatu ondoren, baina, mikrobio patogenoak eraman ditzakete oraindik ere, eta beste pertsona batzuk kutsatu. Hori gerta daiteke, esaterako, sukar tifoidea izan duten gaixo gutxi batzuekin (%2-%5 artean). gaixo horiek sendatu ondoren oraindik Salmonella patogenoak dituzte haien behazun-xixkuetan, eta mikrobio patogeno horiek kanporatzen dituzte gorozkiekin [2]. Salmonellaren eramaile hauek oso arriskutsuak dira janariak manipulatzen dituztenean, higiene baldintza egokiak hartzen ez badituzte janariak mikrobio patogenoez kutsatzen dituztelako (Mary Mallonen kasua oso adierazgarria da).