Erlijioaren filosofia

Erlijioaren filosofia, existentziaren eta munduaren[1] zentzu transzendentalari buruzko giza adierazpen kontziente eta gogoetatsu gisa, erlijioa eta espiritualtasuna aztertzen dituen filosofiaren adar bat da. Adar filosofiko honek, batez ere, naturaren, erlijio desberdinetako jainko eta jainkosen existentziaren eta gaizkiaren arazoaren auziaren inguruko argudioak biltzeaz gain, haren unibertsaltasunaren berri ematen du, giza kultur ororen historian auzi hau nabarmenki nagusitu baita. Era berean, diziplina filosofikoaren alderdi honek erlijioaren eta beste balio-sistema batzuen arteko harremanei buruzko kezkak ditu aztergai, zientzia[2]rena esate baterako.

Ildo beretik, erlijioaren filosofiaren xedea erlijioen tradiziozko kontzeptuak filosofiaren ikuspuntutik aztertzearen ekintzan datzala esan daiteke. Izan ere, horrelako gaien inguruko eztabaida filosofikoak antzinatik existitzen dira eta filosofiari lotutako aurrenetariko testuetan jada agertzen dira. Alor hau filosofiaren beste hainbat atalekin lotuta dago, hala nola, metafisika, epistemologia edo etikarekin.

Bestalde, kontu handiz bereizi behar dira erlijioaren filosofia eta filosofia erlijiosoa[3], bi kontzeptu ezberdin baitira. Alde batetik, erlijioaren filosofia fededun zein fedegabeek landu dezaketen filosofiaren esparru bat da; diziplinaren alderdi honek erlijioek, bere osotasunean, biltzen edo sortzen dituzten galderak erantzuten saiatzen baita. Aitzitik, filosofia erlijiosoak sinesmen sistema jakin batek sor ditzakeen arazo eta zalantzei irtenbidean aurkitzen saiatzen da. Horrenbestez, bi filosofia alderdi hauek elkarrekin alderatuz gero, bigarrenak erlijio zehatz bateko jainko ala jainkosek edota erlijioak berak inspiratutako eta gidatutako jakintzatzat jotzen da, hala nola, filosofia judua, kristaua, islamiarra[4],[5] etab.

  1. Taliaferro, Charles. (2007-03-12). Philosophy of Religion. (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
  2. Hashiru, Mohammed. (2016-12-01). «Philosophy of Religion: An Introduction - William L. Rowe» İslâm Araştırmaları Dergisi (36): 202–208.  doi:10.26570/isad.327266. ISSN 1301-3289. (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
  3. Evans, C. Stephen. (1985). Philosophy of religion : thinking about faith. Downers Grove, Ill., U.S.A. : InterVarsity Press ISBN 978-0-87784-343-6. (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
  4. (Gaztelaniaz) Encyclopedia of Philosophy. 2022-06-15 (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
  5. Taliaferro, Charles. (2023). Zalta, Edward N. ed. «Philosophy of Religion» The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Metaphysics Research Lab, Stanford University) (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy