Erloju

Erloju bat
Jondoni Martine elizako erlojua (Sara)
Casio W-59 ordulari digitala

Erlojua[1], erloi edo ordularia[2] denbora neurtzeko eta adierazteko gailua da. Gizakien asmakizun zaharrenetako bat da, eta unitate naturalak baino (eguna, hila eta urtea) denbora-tarte laburragoak neurtzeko beharrari erantzuten dio. Hainbat prozesu fisikotan oinarritzen diren gailuak milaka urtez erabili izan dira. Euren zehaztasuna hobetzen joan da, XX. mendean zehaztasun ikaragarria lortuz. Egungo erloju mekanikoa XVIII. mendean asko hobetu zen, eta haren zabalkundea industria iraultzako garapenei eta gizarte antolamenduari hertsiki lotuta agertu zen, amankomuneko denbora bat finkatuz. Ameriketako Estatu Batuetako Normalizaziorako Institutu Nazionalak (NIST) 1999an eginiko erloju atomikoak, NIST F1-ak hain zuzen, 20 milioi urtean segundo bakarreko gorabehera dauka.

Denbora-zati berdinetan banatutako mugimendu erregularrak eragiten ditu erlojuak. Bi atal nagusi izaten ditu erloju mekanikoak: batak mugimendu jarrai erregularra du (orratzak, adibidez), eta bestea finkoa da (esfera, adibidez); era horretan, alderdi mugikorraren eta finkoaren diferentziaren bitartez sumatzen da denboraren joana.

Erlojua, bere funtzio praktikoaz gain, bitxigintzako objektu bihurtu da, dotorezia eta luxu ikur.

  1. «Erloju». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-12-12.)
  2. «Ordulari». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-12-12.)

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in