Erresistentzia (osagaia)

Material desberdinetako erresistentziak
Erresistentziaren ohiko ikur bi
Hiru dimentsioko eredu bat, erresistentzia 0,25 watt

Erresistentzia osagai elektriko pasibo bat da. Erresistentzia ideal baten erresistentzia elektrikoa ez da aldatzen, nahiz eta hari ezarritako potentzial diferentzia edo hura zeharkatzen duen korronte elektrikoa aldatu.

Erresistentzia edo erresistore deritzo zirkuitu elektriko bateko bi punturen artean erresistentzia elektriko jakin bat sartzeko diseinatutako osagai elektronikoari. Beste kasu batzuetan, xafletan, berogailuetan, eta abarretan, erresistentziak beroa sortzeko erabiltzen dira, Joule efektua aprobetxatuz. Ikatzez eta beste elementu erresistibo batzuez osatutako materiala da, korrontea igarotzearen aurka egiten duena.

Erresistentzia bateko gehieneko korrontea eta gehieneko potentzial-diferentzia baldintzatzen ditu haren gorputzak xahutu dezakeen potentzia maximoak. Potentzia hori bisualki identifika daiteke diametrotik abiatuta, bestelako adierazpenik behar izan gabe. Balio ohikoenak dira: 0.25 W, 0.5 W eta 1 W.

Ekoizten diren erresistentziak ez dira idealak, eta, horrela, tenperatura edo ingurugiroaren beste ezaugarri batzuen aldaketek erresistentzia elektrikoaren aldaketa egiten dute; halere, nahigabeko aldaketa hori ahal den txikiena izatea lortu nahi izaten dute erresistentzia ekoizleek.

Erresistentziak finkoak edo aldagarriak izan daitezke; aldagarriei, potentziometroak edo erreostatoak ere deritze eta euren erresistentzia elektrikoa aldatzeko mugimendu mekanikoa egin behar da, adibidez biraketa eskuz edo bihurkinez eginda.

Balioa eskuz doi daitezkeen erresistoreak daude, potentziometroak, erreostatoak edo, besterik gabe, erresistentzia aldakorrak deritzenak. Erresistentzia kanpoko parametroen arabera aldatzen zaien gailuak ere sortzen dira, hala nola termistoreak (tenperaturarekin aldatzen diren erresistoreak); jasaten duten tentsioaren mende dauden baristoreak edo jasotako argiaren arabera jarduten duten fotorresistentziak.

Erresistentzia batzuk luzeak eta meheak izaten dira, eta erresistentzia elektrikoa duen materiala erdian egoten da; material horri, metalezko hankatxo bira itsatsita egoten dira, bere ezarpena errazteko.

Erresistentziak zirkuitu elektrikoetan eta zirkuitu integratuen barnean egoten dira. Konputagailuetan eta beste tresna elektroniko batzuetan erabiltzen diren erresistentziak oso txikiak izan ohi dira; sarritan, SMD motakoak izaten dira. Erresistentzia handiagoek kapsula sendoagoak izaten dituzte, barnean sortzen den berotasuna errazago kanporatzeko.

Erresistentziek duten erresistentzia elektrikoaren nazioarteko unitatea (SI) ohm (Ω) da.
Erresistentzia batek 1 Ω duela esaten da; hari ezarritako potentzial diferentzia, 1 V zeharkatzen duen korronte elektrikoa 1 A denean.

Erresistentzia baten funtzio elektrikoa erresistentziaren arabera zehazten da: Erresistentzia komertzial arruntak bederatzi magnitude-ordena baino gehiagoko tartean fabrikatzen dira. Erresistentziaren balio izendatua osagaian adierazitako fabrikazio-perdoiaren barruan dago.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy