Biologian, errizoma lurpeko zurtoin eraldatu bat da, zenbait begi dituena eta luzetara hazten dena. Haren adabegietatik sustraiak eta kimu belarkarak hazten dira.
Errizomak etengabe hazten dira; urteen poderioz, parterik zaharrenak hil egiten dira, baina kimu berriak ematen ditu, eta, hala, eremu handia har dezake.
Ugalketa begetatibo (sexurik gabe ugalketa) mota hau espezie askok dute, hala nola lirioak eta jengibreak. Errizomak zatitu egin daitezke, baldin eta bakoitzak gutxienez begi bat badauka, eta bakoitza bere aldetik landatu.
Landare errizomadunak bizikorrak dira; klima hotzeko eskualdeetan, aireko partea galtzen dute, eta lurpeko parteak bizirik jarraitzen du, mantenugaiak atxikiz, hurrengo sasoirako.
Hazteko eta adarkatzeko moduaren arabera, errizomak bitan sailkatzen dira: sinpodialak eta monopodialak.