Eskalada

Eskalada.
Eskalatzen.
Horma bertikal bat bikoteka eskalatzen.

Eskalada, hankak eta eskuak edota baliabide artifizialak erabiliz, harkaitz, izotz-horma edo artifizialki prestatutako erliebe bertikaletatik igotzean datzan kirola da, edo era horretara egindako igoera.

Tokio 2020ko Udako Olinpiar Jokoetan kirol eskalada gehitu zitzaion olinpiar programari, beste hiru kirol berrirekin batera (karatea, skateboardinga, eta surfa).

Hasiera batean, eskalada mendizaletasunetik eratorritako jarduera gisa garatu zen, mendiko ibilaldietarako entrenamendu-baliabide bezala. XIX. mendean sortu zen jarduera Ekialdeko Alemanian (Dresde) eta Ingalaterran ("Lake District" parke nazionalean).

Eskalada, sarritan, kirol arriskutsutzat hartzen da, komeni den arren honen baitan zenbait praktika eredu bereiztea. Normalean, praktika segurtasunez egiteko aukera ematen duen materialarekin eramaten da aurrera, baina muturreko praktika bat ere badago, integral hutsa edo "Free Solo" izenekoa, non eskalatzaileak inolako segurtasunik gabe aurrera egiten duen horma bertikalean zehar.

Eskaladako praktikaren baitan arrisku handiko altuerak ere badaude eta, orokorrean, segurtasuna bermatzeko, babes ekipoa edo materiala erabiltzea beharrezkoa da.

Denborarekin, gero eta zailtasun handiagoko ibilbideak agertu ziren: 1913an, 5. maila; 1917an, 6. maila; 1970an, 7. maila; 1983an, 8. maila; 1991an, 9. maila...  Azkenik, eta 1960tik aurrera batez ere, rokodromoen erabilerak bultzada handia eman zion diziplinaren bilakaerari, hots, horma artifizialen erabilerari.

Praktika hau bereziki honako filmen bidez ezagutarazi da: Jean-Paul Janssen, “La vie au bout des doigts” ("Bizitza hatzen puntan", 1982) eta “Opéra Bertikal”, non Patrick Edlinger-ek bakarka eskalatzen  duen “Buous” eta “Gargantas del Verdon”-en.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy