Eskorbuto | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | nutritional deficiency disease (en) , ascorbic acid deficiency (en) , abitaminosia eritasuna |
Espezialitatea | Barne medikuntza |
Arrazoia(k) | ascorbic acid deficiency (en) |
Tratamendua | |
Erabil daitezkeen botikak | sodium ascorbate (en) |
Identifikatzaileak | |
GNS-10-MK | E54 |
GNS-10 | E54 |
GNS-9 | 267 |
OMIM | 240400 |
DiseasesDB | 13930 |
MedlinePlus | 000355 |
eMedicine | 000355 |
MeSH | D012614 |
Disease Ontology ID | DOID:13724 |
Eskorbutoa C bitaminaren (azido askorbikoa) eskasiak eragindako gaixotasuna da. Haren lehen sintomak nekea, ahulezia eta beso eta bernetako mina dira. Tratamenturik gabe, globulo gorri kopuruaren beherakada, hortzen gaixotasunak, ile falta eta azaleko lesioak eragiten ditu, besteak beste. Eskorbutoak aurrera egin ahala, zaurien zikatrizazio eskasa, umore aldaketak eta, azkenik, heriotza dakartza, infekzio batek edo odol isuriek eraginda. [1]
Lehen sintomak azaldu arte, gutxienez hilabete bat pasatzen da C bitamina jaso gabe (edo bitamina horren dosi oso urriak jasotzea). Antzina oso arrunta zen itsasgizonen artean, dietan ez baitzeukaten ez frutarik, ezta barazki freskorik ere, hau da, ez zuten C bitamina iturririk. Egun, eskorbutoa dutenak, normalean, arazo psikikoak dituzten pertsonak, alkoholikoak, eta dieta anormalak dituztenak dira. Heste arazoek eta dialisiak ere eskorbutoa eragin dezakete kasu batzuetan. C bitamina edo azido askorbikoa ez da giza gorputzean sintetizatzen, beste animalia batzuetan gertatzen den moduan; hori dela eta, gizakiak bitamina kanpotik jaso behar du, hau da, dietaren bitartez. Bitamina beharrezkoa da giza kolagenoaren ekoizpenean eta haren gabeziak ekoizpen hori ezinezko bilakatzen du, osasun arazo larriak sortuz. Eskorbutoaren tratamendua C bitaminaren aho bidezko kontsumoan oinarritzen da normalean. Tratamendua hasi ondoren, gaixoak pare bat egun beharko ditu hobetzen hasteko; horren ondoren sintomak desagertuz doaz, gaixoa guztiz indarberritu eta osatu arte (bi aste pasa ondoren guztiz osatzen da). C bitaminaren iturri nagusiak elikagai zitrikoak dira. Gomendagarria da elikagai horiek gordinik jatea, janariok prestatzeak C bitaminaren kopurua murrizten baitie. [2][3][4]
Gaitza nahiko arraroa da egun, normalean desnutrizioa dutenengan gertatzen baita.
Eskorbutoa Antzinako Egipton diagnostikatu eta deskribatu zen jada, izan ere, garai hartako itsas bidaien luzeera mugatzen zuen faktore garrantzitsu bat izan zen. 1753an James Lind, Royal Navyko zirujau batek, eskorbutoa zitrikoak janez osatzen zela aditzera eman zuen lehen aldi; hala ere, 1795 arte itxaron behar izan zen itsas armada britaniarrak, Gilbert Blame bezalako erreformatzaileen presioak eraginda, marinelei ohituraz limoi zukua ematen hasi zen arte.[5]