Eskulturagintza edo eskultura arte nagusien mota tradizionaletakoa da, hiru dimentsiotan egindako irudiak sortzen dituena gai gogorrak (harria, marmola, metala, beira, zura) edo bigunak erabiliz. Era honetan, arte plastikoetan ere sailkatuta dago[1].
Eskultura izena hartzen dute arlo honetan egindako irudiek, eta eskultore edo zizelkaria da esparru honetan lan egiten duen artista.
Bestela, arte agerpen publiko gehienak eskulturak dira.
Arte ederretako bat da, eta, horretan, eskultoreak bere burua adierazten du bolumenak sortuz eta espazioak osatuz. Eskulturan, zizel eta tailatzeko arte guztiak sartzen dira, baita galdaketakoak eta moldekatzekoak ere. Eskulturaren barruan, materialen eta bitartekoen konbinazio desberdinen erabilerak errepertorio artistiko berri bat sortu du, konstruktibismoa eta mihiztadura bezalako prozesuak barne hartzen dituena.
Giorgio Vasariren (1511-1574) Le vite de' piú eccellenti pittori, scultori e architettori lanaren hitzaurreak arkitektura, eskultura eta pinturaz hitz egiten du, diseinuaren arteak izenarekin multzokatutako diziplinez, alegia. Obra garai hartan erabilitako teknika artistikoei buruzko tratatu informatibo eta baliotsua da. Eskulturari dagokionez, honela hasten da:
« | ...eskultoreak alferrikako guztia ateratzen du, eta materiala artistaren gogamenean dagoen formara murrizten du. | » |
Antzinatik, gizakiak zizelkatzeko beharra izan du. Hasieran, eskura zituen materialik sinpleenekin egin zuen: harria, buztina eta egurra. Ondoren, burdina, brontzea, urrea, beruna, argizaria, igeltsua, plastilina, poliesterrezko erretxina eta plastikoak erabili zituen besteak beste, beira-zuntza, hormigoia, zinetika eta argiaren islapenaz sendotuz. Eskulturak funtzio bakarra izan zuen hasieran: berehalako erabilera; ondoren, berriz, funtzio erritual, magiko, ehorzketa eta erlijiosoa gehitu zitzaizkion. Funtzionaltasun hori aldatuz joan zen bilakaera historikoarekin, batez ere estetika edo apaindura bereganatuz, eta elementu iraunkor edo iragankorra izatera iritsi zen[2].