Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian

Espainiako Gerra Zibila
Nafarroa, Araba eta Iparraldeko Frontea
Data19361939
LekuaEuskal Herria Hego Euskal Herria
EmaitzaNazionalen (frankisten) garaipena, Bigarren Errepublika desagertzea, Espainian demokrazia galtzea eta Francoren diktadura ezartzea
Gudulariak
Espainiako Errepublika

Nazionalak

Espainiako Gerra Zibilak Euskal Herrian 1936ko uztailetik 1937ko ekainera iraun zuen, estatu kolpea eman zenetik tropa frankistak Bilbora sartu eta mendebaldeko Bizkaiko mugaraino okupatu arte. Espainian gerra amaitu arte (1939ko apirila), Hego Euskal Herria erretagoardian geratu zen, elikagaien eskasia eta errepresio gogor bat pairatuz.

Ipar Euskal Herria errefuxiatuen aterpe bilakatu zen, hasieran eskuindar askoren eta estatu kolpearen jarraitzaileen babesleku; kolpistek herrialdea okupatu ahala, berriz, haien errepresiotik ihesi milaka herritar eta gerlari joan ziren hara ihesi. Agintari frantsesek haietako asko harrera esparru inprobisatuetan bildu zituzten, nahiz eta askok makiarekin bat egiten amaitu zuten, Bigarren Mundu Gerra hastean. 1936ko urrian, Eusko Jaurlaritza eratu zen, eta gero erresistentzia eta espioitza sarea antolatu zuen erbestetik.

Espainian eztabaidan zeuden printzipio sozio-ekonomiko eta ideologikoei, Euskal Herrian nazio-auzia batu zitzaien, euskal abertzaletasuna, bereziki EAJ, eta karlismoa (tradizionalismoa) eragile politiko garrantzitsuak izanik. Hain zuzen, bigarren indar politiko horren konplotak bermatu egin zuen estatu kolpearen garaipena Nafarroa Garaian. Ipar Euskal Herrian, Jean Ibarnegarai politikari kontserbadore nafarrak errepublikarren eta euskaltasun politikoaren kontra jo zuen.

Gerra Zibilak Francoren diktadurari eman zion hasiera 40 urtez, Euskal Herriarentzako efektu traumatikoz. 150.000 euskal herritar inguru erbesteratu ziren, Nafarroa Garaian bakarrik 3.500 pertsona inguru erail zituzten erretagoardian, ugaldu egin ziren garaileekin bat egin ez zuten familien konfiskazioak. Isiltasuna eta umiliazioa nagusitu zen, areago emakumeen kontra. Adierazpide folklorikoak izan ezik, euskara eta euskal kultura debekatu eta jazarri egin ziren.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy