Etengailu

Etengailu mota desberdinak

Ingeniaritza elektrikoan, etengailu bat zirkuitu elektriko bat eten dezakeen gailu elektriko bat da, korronte elektrikoa desbideratu edo etenduz.

Zirkuitu bat kontrolatzeko, etengailu bat zuzenean pertsona batek eragindakoa izan daiteke —argi etengailu bat edo teklatuko botoi bat, adibidez—, objektu mugikor baten bitartez eragindakoa —ate bat irekitzerakoan eragiten den etengailua adibidez—, edo sentsore baten bitartez eragindakoa —presio, tenperatura edo emari sentsore bitartez, adibidez—. Errele bat elektrikoki eragiten den etengailu bat da.

Etengailu mota ezagunena kontaktu talde bat edo gehiago dituen eskuz eragindako etengailu elektromekanikoa da. Kontaktu talde bakoitzak egoera bi izan ditzake: kontaktuak elkartuta daudenean, kontaktuetan zehar korronte elektrikoa igaro daitekeelarik, etengailua itxita dagoela esaten da; kontaktuak bananduta daudenean, kontaktu artean ezin daitekeelarik korronterik igaro, etengailua irekita dagoela esaten da. Egoera bi hauen arteko aldaketa eragiten duen mekanismoa egonkorra —sakatzerakoan etengailua zabalik edo itxita geldituko da— edo une batekoa —eragiten den momentuan bakarrik zabaldu edo izten den sakagailua— izan daiteke.

Tentsio eta korronte maila zabaletarako etengailuak daude, eta erabilpenen zerrenda ere oso zabala da.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy