Eufemismo

Eufemismo (antzinako grezieratik, ευφημία, ongi esana) pentsamendu figura bat da. Baliabide hau honetan datza: hitz bat publikoki erabiltzeko egokia ez denean horren ordez hain gogorra ez den beste bat erabiltzen da. Esaterako, “mozkortuta” esan beharrean “edanda” esatea. Normalean eufemismo baten azpian tabu bat dago, hau da, publikoki aipatzea gaizki ikusita dagoen hitz bat. Horrelako hitz asko sexuarekin lotuta daude: zakilaren ordez "pilila", maitasuna egin "larrua jo" esan beharrean. Politikan eta hedabideen hizkuntzan ere oso arruntak dira: ijito esan beharrean "gutxiengo etnikoaren partaide", elbarrituaren ordez "gaigabetua". Eguneroko hizkuntzan ere askotan ematen dira: "pikolo" guardia zibilaren ordez, "festondo" mozkorraren ondorioak adierazteko, amorantea esateko "laguntxo" e.a. Ikusten denez eufemismoak askotan perifrasi baten forma hartzen du,[1] perifrasi eufemistikoa alegia. Eufemismoaren kontrakoa disfemismoa da.

Zentsura garaietan edo pentsamendu politiko batzuk debekatuta daudenean, eufemismoak esan ezin diren gauzak aipatzeko modua izan daiteke. Hori Inazio Mari Atxukarro idazlearen lerro hauetan ikus daiteke. Gerra ondorengo garaiez ari zen eta poliziak edo guardia zibilak aipatu ezikik, horrela azaltzen zituen:

« Bidean ere naiko oztopo bazegoen eta, moskor itxura egiñ bear zuten. Or datoz :"Carrascal, Carrascal" abestuaz. Txikierdi alde hortan, gizaiak:

- ¡Alto! Salvoconducto.[2]

»


"Oztopoak" polizia-kontrolak izango lirateke eta "gizaiak" guardia zibilak.

  1. Altzibar, Xabier. (2008). Literatura terminoen hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia, 323 or..
  2. Atxukarro, Inazio Mari. (1982). Irriparrezko printzak. Donostia: Sendoa.

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy