Eugene Paul "E. P." Wigner (hungarieraz: Wigner Jenő Pál; Budapest, 1902ko azaroaren 17a - Princeton, 1995eko urtarrilaren 1a) Estatu Batuetako fisikaria, judu-hungariar jatorrikoa. Berlingo Institutu Politeknikoko irakasle izan zen. 1934an, Estatu Batuetara joan zen bizitzera eta han fisika eta matematika irakasle izan zen Princeton eta Wisconsingo unibertsitateetan. Fisika nuklearreko azterketak egin zituen batez ere.
Atomoaren nukleoaz eta erreaktore nuklearren teknologiaz hainbat lan argitaratu zituen. Azterketa nuklearretan simetria kontzeptua sartu zuen eta oinarrizko sistema bat bi neurriren araberakoa (masaren balioen eta spinaren araberakoa) dela frogatu zuen. Bere izena eman zaion efektua (Wigner efektua) ezagutarazi zuen. 1963an Fisikako Nobel saria irabazi zuen M. Goeppert-Mayerrekin eta H.D. Jensenekin batera.