Euskal mitologia[1]Euskal Herriko lurraldeetako mitoen multzoa da. Bertan nahasturik antzematen dira eragin kristauak zein paganoak. Zentzu paganoak "Europa zaharraren" elementuak ditu, Indoeuropar erlijio eta pentsamendua iritsi aurretikoak[2]. Erromatartzeak lehenengo, eta kristautzeak ondoren, zail egiten du baskoien garaitik etorritako mitologia bat denik ziurtatzea, nahiz eta iritsitako mito multzoak argi uzten duen ez direla indoeuroparren ereduarekin alderagarriak[3].
Antzinako euskaldunen erlijioak, neurri handi batean, ez zuen osorik iraun kristautasuna Euskal Herrira IV-XII. mendeetan iritsi ondoren, nahiz eta egungo sinesmen batzuk Paleolitotik etorri ahal diren[4]. Jatorrizko sinesmen-sistema horri buruz dakigunaren gehiengoa kondairen eta toponimoen azterketan eta praktikatutako erritu paganoen erreferentzia historikoetan oinarritzen da[5]. Sinesmen-sistema edo erlijio honen pertsonaia nagusia Mari da, leizeetako jainkozko, zerutik hegalari, ezaren eramaile[6][7], gainerako jeinuen agintaritzat hartzen dena[8][9]. Bere ezaugarriei adituta, Lurraren sinbolotzat hartzera jotzen da, hala honen pertsonifikazioa, beharbada[8][10]. Gainera, beste izaki eta leku mitologikoen ezaugarrietatik abiatuta, erlijio ktonikotzat joko litzateke, izaki gehiengoa lurrean edo haren azpian bizi direnez, zerua (ortzia) gehienetan jainkozkoak igarotzen diren korridore huts gisa ikusten baita. Lurra (Ama Lurra), izaki eta gizaki ororen bizilekua, Ilargi Amandrearen eta Eguzkiaren ama da halaber[11][12].
↑"Euskal mitologia" erabiltzen da gehien bat Euskal Herriko mito eta kondairen multzoa izendatzeko, eta horrela darabilte besteak beste: