Euskal preso politikoak izendapenaren azpian, euren aktibismo politiko abertzalearengatik edo baita ere, euren aktibismoaren baitan terrorismo eta indarkeria ekintzak burutzeagatik, laguntzeagatik, justifikatzeagatik , ekintza hauen alde egoteagatik edo Espainiako epaileentzat ETAren alde egoteagatik preso izandako euskal herritarrak sartzen dira. Oro har, ez dago preso politiko kontzeptuaren gaineko adostasunik[1], eta sektore sozial zein ideologiko bakoitzak bere irizpideak ditu: preso politikoen existentzia ukatzetik, ETA erakundeko kideak diren guztiak barnebildu arte. 1978ko Espainiako trantsizioaren ostetik, ikuspegi hauek ere aldatu dira, frankismoan preso politikoak zeudela onartzen duten askok ez dutelako ondoren preso politikoak onartzen.
Preso politikoen existentzia onartzen duten sektoreek, talde horretan sartu ohi dituzte ETAko kideak, kale borrokan aritutakoak, edo ezker abertzaleko erakundeetako arduradun edo ENAMeko kideak ere, asko Dena da ETA doktrinapean zigortutakoak. Euskal preso horietako batzuk EPPK erakundean antolatu izan dira, zehazki euren preso politiko izaera aitor zedin. EPPKko kide gehienak, baina ez guztiak, ETAko kide izan dira[2].
2019rarte Frantzian eta 2022. urterarte Espainian preso gehienak Euskal Herritik urrun dauden espetxeetan zituzten, Euskal presoen sakabanaketaren ondorioz. Presoen eskubideen aldeko mugimendu ugari egon dira Euskal Herrian, euren amnistia eskatzen duten taldeetatik, herriratzea eskatzen duten sektoreetara. Azken ikuspegi honek babes zabala du Euskal Herriko iritzi publikoan, zein eragile politiko eta sozialean artean[3], eta preso hauen eskubideen aldeko mobilizazioak Euskal Herrian egindako handienak izan dira.