Euskaltegiak euskara ikasi eta lantzeko dauden ikastetxeak dira. 1960ko hamarkadan sortu ziren, ikastola mugimenduarekin batera, helduentzako gau eskola moduan. 1980 eta 1990eko hamarkadetan bildu zituzten ikasle gehien, 44.000 pertsonari euskara irakatsiz, helduak gehienak. Geroztik, euskaltegietako ikasle kopurua murrizten joan da.
Denboran zehar, hirietako ikastetxeez gainera, euskara ikasteko beste aukera batzuk ere paratu dituzte euskaltegiek, barnetegiak bereziki. Egun bi motako euskaltegiak daude: publikoak, udalek eta beste zenbait erakunde publikok kudeatutakoak, eta pribatuak. Azken horiek itunak dauzkate erakunde publikoekin, esaterako, Nafarroako Gobernuarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin.
Gehienetan, euskaltegiak saretan elkartzen dira; horrela AEK, Elkarlan, Batuz eta IKA elkarteak daude, bakoitzak bere baitan hainbat euskaltegi hartzen dituztenak. Era berean, federatu gabeko hainbat euskaltegi daude. EAEn euskaltegien eta tituluen homologazioaz arduratzen den HABE erakundeak diruz laguntzen ditu homologatutako euskaltegi guztiak, publiko zein pribatuak.