Euskara nagusi Gune mistoa Erdara nagusi |
Nafarroako Erriberako berezko hizkuntzetako bat euskara da.[1][2] Euskara Nafarroako Erriberako nagusi izan zen hainbat eta hainbat mendez, Goi Erdi Aroan poliki-poliki atzera egiten hasi zen arte, azkenean Aro Modernoaren hasieran lurralde osoan presentzia nabarmen galdu zuen arte: mende horietan guztietan beste hizkuntza batzuekin partekatu zuen tokia, eta ez zen idatzia izan, ahozkotasunera mugatutako hizkuntza bat baizik.[1] Haren eragina nabaria da ingurune horretako toponimian eta testu zaharretako izenetan:[3][4][5][2] lur horietan izan zuen presentzia eztabaidaezina den arren, espainiar nazionalismoak eta hari lotutako beste pentsamendu politiko batzuek ukatu egin dute Erriberako euskararen izatea azken hamarkadetan.[6]
Erriberako eskualdea Tuterako merindadeak, Erriberriko merindadeko zati batek eta Lizarraldeko Erriberak osatzen dute. Nafarroa Garaiko hegoaldean dago lehena, eta hego-mendebaldean beste biak. Herri handiena Tutera da, eta gaur egun hizkuntza mintzatuena eta nagusia gaztelania da. Euskararen Foru Legeak Erribera osoa zonalde erdaldunean kokatzen duenez, hor euskara ez da ofiziala eta ez du diru laguntzarik jasotzen. Alabaina, zenbait haurrek euskara ikasten dute ikastoletan,[7][8] eta hainbat helduk AEKren Erriberako euskaltegietan.