Exotoxina

Exotoxinak bakterio, protozoo eta onddo bezalako mikrobioek ekoizten dituzten toxinak dira, haien ostalariarentzat oso kaltegarriak direnak. Exotoxinen artean garrantzitsuenak eta gaitz gehien eragiten dituztenak bakterioek sortutakoak dira.

Bakteriar-toxina hauek nabarmen areagotzen dute bakterio ekoizlearen birulentzia. Bakterio batzuek (Clostridium tetani, esaterako, tetanosen eragilea) inbaditzeko ahalmena oso ahula dute, eta ez lirateke arriskutsuak izango toxinarik sortuko ez balute. Exotoxinak dira mota honetako bakterioei aparteko birulentzia ematen dietenak.

Hazi ahala jariatzen ditu bakterio ekoizleak exotoxinak. Behin askatuta, exotoxinak odolera heldu eta gorputz osora heda daitezke, urrutiko ehun eta organoak kaltetuz. Bakterio ekoizlea gutxi mugitu arren infekzio-puntutik gorputzeko toki urrunetara abia daitezke, beraz, exotoxinak.

Bakterio Gram positiboek zein Gram negatiboek ekoizten dituzte.

Egitura kimikoari dagokionez, exotoxinak proteinak dira. Proteina guztien antzera sentikorrak dira beroarekiko, 70 °C-tan desnaturalizazioa pairatuz. Ezaugarri honetaz baliatuz toxoideak lortzen dira, hots, toxinen aurkako txertoak: toxoidea bere toxizitatea galdu duen toxina da, bere antigenotasuna mantenduz (hots, antigorputzen ekoizpena eragiteko ahalmena). Toxoideak oso erabiliak dira toxinen aurkako babesa emateko.

Exotoxinak toxizitate handia dute eta batzuek (botulismoarena, tetanosena...) hilgarriak ere izan daitezke.

Exotoxina bakoitzak ostalariaren zelula batzuekiko afinitate berezia du. Batzuek, esaterako, neuronak erasotzeko joera dute (neurotoxinak); beste batzuek digestio-aparatuaren zelulak kaltetzen dituzte (enterotoxinak). Badaude ere eritrozitoak apurtzen dituztenak (hemolisinak), etab. Afinitate honen atzean zelula mota bakoitzak bere azalean dituen toxinarekiko errezeptoreak daude.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy