Fagozitoak odolean, linfan eta ehunetan dauden eta fagozitosia egiten duten zelulak dira, mikrobioak eta partikula arrotzak irentsi eta indargabetzen dituztenak. Odoleko eta ehunetako "garbiketa-sistema" osatzen dute, immunitate-sistemaren funtsezko elementuak izanik. Horretarako, fagozitoek ondoz ondoko urrtasak egiten dituzte: zelulak infekzio-guneetara erakarri, mikrobioen bidezko ezagutza eta aktibazioa, mikrobioen fagozitosi bidezko irenstea, eta fagozitatutako mikrobioen suntsipena. Are gehiago, fagozitoek beste zelulekin komunikatzeko gaitasuna dute, immunitate-erantzuna indartu edo erregulatzeko; horretarako, bi mekanismo dituzte: ukipen zuzenaren bidezko komunikazioa eta zitokinen jariapenaren bidezko komunikazioa.[1]
Animalia guztietan aurkitzen dira, baina ornodunetan dute garapen handiena, giza odolak 6.000 milioi fagozito baititu litroko. Gai arrotzak suntsitzeaz gain, fagozitoek hildako zelulak eta zelula-hondarrak ere fagozitatzen dituzte, garbiketa-prozesuetan hori ere baita oso eginkizun garrantzitsua.
Fagozitoak profesionalak edo ez-profesionalak izan daitezke, egiten duten fagozitosiaren eraginkortasunaren arabera. Fagozito profesionalen artean, hainbat globulu zuri daude, esaterako: neutrofiloak, monozitoak, makrofagoak, mastozitoak eta zelula dendritikoak. Fagozito profesionalen eta ez-profesionalen arteko desberdintasun nabariena da fagozito profesionalek elementu kaltegarriak detektatzeko gai diren hartzaileak dituztela.[2]
Esan bezala, fagozitoak immunitate-sisteman parte hartzen duten zelulak dira. Immunitate-sistemaren barnean modu independentean jarduten duten bi sistema bereiz daitezke: berezko immunitate-sistema eta immunitate-sistema adaptatiboa. Haien arteko ezberdintasun nagusiak erantzuteko behar duten denbora eta zehaztasuna dira. Berezko immunitate-sistemak azkarrago erantzuten du, baina ez da oso espezifikoa patogenoekiko; patogenoetan aurkitzen diren kontserbatutako sekuentziak ezagutzen dituzte zelulek, patroiak. Sekuentzia kontserbatuei PAMP deritze, patogenoei asoziaturiko patroi molekulak, alegia. Immunitate-sistema adaptatiboaren kasuan, ordea, erantzuna askoz ere motelagoa da baina zehaztasun osoz jarduten du. Fagozitoek berezko immunitate-sisteman parte hartzen dute.[1]
Infekzio-egoeretan fagozitoak patogenoa dagoen gunera erakarriak dira seinale kimikoen bidez. Seinale horien jatorria patogeno berean edo patogenoa ezagutu duten beste fagozitoetan egon daiteke. Fagozitoek egiten duten migrazioari kimiotaxi deritzo. Kimiotaxiari esker, patogenoa dagoen gunera heldu eta fagozitoaren mintzeko hartzaileak horietara lotzen dira. Prozesu horrek patogenoaren fagozitosia eragiten du.[3] Fagozitosia gertatu ostean, makrofagoek eta zelula dendritikoek ere antigenoa aurkezteko gaitasuna dute. Antigeno-aurkezpena deritzon prozesuan fagozitoak irentsitako gaiaren atalak zelula-azalera mugitzen ditu. Horrela, antigenoak immunitate-sistemako beste zeluletara aurkezten zaizkie. Horren ostean, fagozitoak gongoil linfatikoetara doaz eta materiala linfozitoei aurkezten diete. Azaldutako prozesua garrantzitsua da immunitatea garatzeko; hori dela eta, patogeno askok fagozitoen erasoetatik babesteko metodoak garatu dituzte.[4]