Fermi-Diracen estatistika

Fisika kuantikoan, Fermi-Diracen estatistikak partikulen banaketa energia-egoera ezberdinetan deskribatzen du, Pauliren esklusio printzipioa jarraitzen duten partikula bereiztezinez osatutako sistemetan. Enrico Fermi eta Paul Dirac zientzialariek ematen diote izena estatistika mota honi. Biek garatu zuten teoria bakoitzak bere aldetik, baina Fermik Dirac-ek baino lehenago definitu zuen estatistika.

F-D estatistika, spin erdi-osoko partikula bereiztezinen sistemetan erabiltzen da, oreka termikoa dagoenean. Partikula mota hauei fermioi deritzegu. Gainera, onartu behar da partikula bakoitzak ez duela albokoekin elkarrekintzarik izaten. Era honetan gure sistema deskribatzeko partikula bakoitzaren energia-egoerari buruz hitz egin dezakegu. F-Den banaketan kontuan hartzen da energia-egoera bakoitzean ezin dela partikula bat baino gehiago egon (Pauliren esklusio printzipioa betetzen da). Askotan elektroien konportamendua azaltzeko erabiltzen da, spin erdiko partikulak baitira hauek.

Fermi-Diracen estatistika mekanika estatistikoaren adarra da eta mekanika kuantikoaren printzipioak erabiltzen ditu. Estatistika honen baliokidea bosoiei buruz hitz egiten denean (spin osoko partikulak) Bose-Einsteinen estatistika da. Kasu honetan partikula mota horrek ez du Pauliren esklusio printzipioa bete behar, eta ondorioz onartu daiteke bi bosoik energia-egoera bera partekatzea.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy