Feudalismo

Basailu batek (belauniko) gorazarre egiten dio bere jaunari (eserita).

Feudalismoa Erdi Aroko Europako sistema politiko, ekonomiko eta soziala izan zen, IX-XV. mendeen artean iraun zuena. Erreinuak konderri eta jaurerri txikiagoetan banatuta zeuden, non jauntxoek beraien basailuei babesa ematen zieten. Basailuek, trukean, zergak eta tributuak ordaindu behar izaten zituzten, jaunaren lurrak erabiltzeagatik. Jauntxo feudal haiek nobleak edota Elizako kide ziren, eta erregearekin menpekotasun erlazio bat zuten, batzuetan handiagoa eta batzuetan txikiagoa izan zitekeena.

Feudalismoaren jatorria Erromatar Inperioaren gainbeheraren ondoko herri barbaro inbasioetan, nekazaritzaren nagusitasunean, garaiko teozentrismoan eta gizartearen kontzeptu piramidalean datza.

Historiografian, feudalismo hitza erabiltzen da, orobat, materialismo historikoak (historiografia marxistak, alegia) feudaltzat jotzen dituen ekoizpen-moduan oinarritutako antolabide sozioekonomikoa ere izendatzeko[1].

Antolabide sozioekonomiko modura, feudalismoak antzinaro berantiarrean izan zuen hasiera, ekoizpen esklabistatik ekoizpen feudalera igarotzean, III. mendeko krisialditik aurrera eta, bereziki, Mendebaldeko Erromatar Inperioa desagertu ondoren (V. mendea) eta erresuma germaniarrak eta Karolingiar Inperioa sortu eta gero (VIII. eta IX. mendeak).

Zenbait tradizio juridikotan (erromatar nahiz germaniar zuzenbideetakoak, hala nola bezerotza, jarraigo eta basailutza) oinarrituta, feudalismoa hainbat mendetan gertatu ziren inbasioen (herri germaniarrak, eslaviarrak, magyarrak, musulmanak eta bikingoak) garaiko ezegonkortasun eta segurtasun ezagatik sortu zen. Estatuko erakunde urrunen ezgaitasuna zela eta, segurtasun bakarra tokian tokiko agintarien eskutik zetorren, noble laiko edo eklesiastikoen eskutik, zeinen eskumendean baitzeuden landa-inguruetako gaztelu edo monasterio gotortuak, hirien gainbeheraren ondorioz boteregune berriak izatera iritsiak.

  1. Luis García de Valdeavellano historialariak dioenez, historiografia marxistak, eta, zehazkiago, Maurice Dobb ikerlariak, "feudalismoa" eta "morrontza" terminoak uztartu egiten dituzte; eta Marx beraren hitzetan, "feudalismoaren ezaugarri nagusia "morrontza pertsonala" da, bai sistemaren ekoizpen-baldintza materialei begira, bai morrontza edo joputasun horretan oinarritutako bizi-harremanei begira ere (hitzez hitz aipatzen du: "gizaki beregaina desagertu egin da eta mundu guztia bizi da morrontzaren uztarpean"). Bestetik, Estatu feudalaren egitura politikoa sortu zuten erakunde feudobasailatikoak, hizkera marxistan esanda, "gainegitura" bat baino ez ziren. El feudalismo hispánico y otros estudios de historia medieval, Crítica argitaletxea, 2000, ISBN 84-8432-145-2, 25. orria

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy