Filipina Karlota Prusiakoa (alemanez: Philippine Charlotte von Preußen; Berlin, 1716ko martxoaren 13 – Brunswick, 1801eko otsailaren 16) Hohenzollern leinuko printzesa bat izan zen eta ezkontzaz Brunswick-Wolfenbütteleko dukesa. Frederiko Gilen I.a Prusiakoaren eta Sofia Dorotea Hannoverkoaren laugarren umea zen, Jurgi I.a Erresuma Batukoaren biloba. Bere anai-arreben artean Frederiko II.a Handia, Suediako erregina Luisa Ulrika eta Gilemina printzesa zeuden. Hezkuntza handikoa, bere garaiko Ilustrazioaren adibideetako bat da.
1733ko uztailaren 2an Karlos I.a Brunswick-Wolfenbüttelekoarekin ezkondu zen, Fernando Alberto II.aren seme nagusia. Karlos dukerriaren oinordekoa zen eta duke izendatu zuten bere aitaren heriotzarekin, 1735ean. Filipina Karlota dukesa ezkontidea izan zen. Ezkontza honekin batera Filipina Karlotaren anaia Karlosen arrebarekin ere ezkondu zen, Prusia eta Brunswicken arteko aliantza indartuz.
Filipinak Christian von Wolff filosofoarean frantsesezko idatziekin egin zuen lan. Johann Friedrich Wilhelm Jerusalem aholkulariaren laguntzarekin Alemaniako bizitza intelektuala oso gertutik jarraitu zuen. Salomon Gessner poetaren jarraitzailea, Friedrich Gottlieb Klopstockekin harreman pertsonala mantendu zuen. Gortean ere afariaren aurretik eta ondoren hizketaldiak antolatzen zituen, adituak gonbidatuz hitz egitera. Gortean operak eta dantzak ere antolatu zituzten.
1801eko otsailaren 16an hil zenean bere 4.000 liburuak Wolfenbüttel Liburutegiari eman zizkion.