Filosofo presokratikoak

Filosofiaren historian, filosofo presokratikoak Antzinako Greziako pentsalari multzo bat dira, greziar filosofiaren aitzindaritzat jotzen direnak. Kronologikoki K.a. VI. mendeko Tales Miletokoarekin hasi eta Sokratesen (K.a. 470 - K.a. 399) pentsamenduaren eraginpean izan ez ziren Diogenes Apoloniakoa eta Demokrito pentsalarienganaino zabaltzen dira, K.a. IV. mendean. Presokratiko izenondoak Sokratesen aurretikoa izateari baino gehiago, euren lana Sokratesen eraginpean garatu ez izanari egiten dio erreferentzia. Filosofo hauen ekarpen garrantzitsuena unibertsoaren eta munduaren ikuspegi mitologikoa alde batera utzi eta horiei buruz emandako azalpen arrazionala izan zen, mitotik logos delakora aldatuz. Hori dela eta, mendebaldeko tradizioan lehenengo filosofo eta zientzialaritzat jo izan dira filosofo presokratikoak. Bereziki unibertsoaren eta naturaren printzipioak aztertu zituzten eta horregatik greziar filosofiaren aldi honi garai kosmologiko ere deitu izan zaio, baina erlijioaz, etikaz eta matematikaz ere aritu ziren.

Presokratikoetan pentsalari heterogenoak biltzen dira, ordea, eta horregatik askotan eskola ezberdinetan sailkatzen dira: Miletoko eskolakoak ziren Tales, Anaximandro eta Anaximenes; eskola eleatikoan biltzen dira Parmenides, Zenon Eleakoa eta Meliso; Efesoko eskola; atomistak pluralistak eta pitagorikoak deritzen eskolak ere badaude eta sofistak izeneko filosofo taldean, azkenik, Protagoras, Gorgias eta Hipias biltzen ziren, besteak beste. Filosofiaren historian aitzindariak badira ere, pentsalari horiei buruz egun ezagutzen dena, ordea, oso gutxi da: idatzi zutenaren zati bakan batzuk besterik ez dira geratzen, Aristoteles eta Teofrastok eurei buruz idatzitakoarekin batera. Presokratikoak terminoa Hermann Diels hizkuntzalariari esker zabaldu zen, 1903 urtean Die Fragmente der Vorsokratiker ("Presokratikoen zatiak") lana argitaratu zuenean. Egun, gainera, lan hori presokratikoengandik gorde diren idazkietarako funtsezko iturri bateratua da.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy