Fosil gida (arkeologia)

Artikulu hau arkeologian erabiltzen den terminoari buruzkoa da; Paleontologian erabiltzen den kontzeptuari buruzkoa buruzkoa beste hau da: «Fosil gida».


San Isdroko aurpegibikoa. Madrilgo Manzanares ibaiko terrazetan aurkitua, Acheul aldiako. Espainiako Arkeologia Museoan.

Fosil gida[1] (edo fosil-gida[2]) edo fosil zuzendari[3][4], arkeologian, aztarna arkeologiko bat da, garai edo kultura jakin bateko ohiko tresna edo fosil bat. Horrelako aztarna agertzen denean, geruza berean agertzen diren beste materialak kronologikoki edo kulturalki zehazteko erabil daiteke, aztarna hori, garai eta kultura jakin batean bakarrik agertu ohi delako. Hau da, fosil zuzentzaile baten presentziak balio dezake unitate estratigrafikoa identifikatzeko, eta bertan dauden beste materialak, historiaurrearen garai edo denbora tarte historiko jakin batean kokatzeko, zein kultura zehatz batekin lotzeko[5].

Terminoa ez da gehiegi erabiltzen gaur egun, batetik, fosilak eta aztarna arkeologikoak bereizten ez zirenean erabiltzen hasi zelako, eta, bestetik, fosil giden benetako erabilgarritasuna eztabaidan jarri delako.

Oro har, fosil zuzendari bat oso bizitza laburra izan duen objektu baten aztarna da (osorik gorde bada edo ez) eta horregatik koordenatu kronologiko edo kultural batzuetara mugatzen, da. Hori gertatzen da Solutre aldiko jaurtilarien puntekin[6] eta azagaia mota desberdinakin[3]:

« Oinarri arrakalatuko azagaiek edo Aurignaceko azagaiek rol garrantzitsua izan dute aztertze-metodologian, zeren eta, batzuetan, maila arkeologiko jakin baten testuinguru kulturala izendatzeko erabili den fosil zuzendari bat izan baita. »
D. Garrido Pimentel

Fosil hitza latinezko fodere aditzetik eratortzen da, hondeatu esan nahi duena. Hasieran, paleontologiako iraganeko organismoen hondakinak (gaur egun "fosilak" gisa ezagutzen ditugunak), mineralak eta aztarna arkeologikoak izendatzeko erabili zen, baina geroago, iraganeko organismoen jardueraren aztarna edo seinaleetara mugatu zen; adibidez, ammoniteen forma hartu duten harri ezagunak. Hala ere, arkeologian zentzu zabalean erabiltzen jarraitu zen, bai organismoak baita artefaktuak kontuan hartuz. Teknokonplexu kultural arkeologikoen ikerketan, askotan harrizko tresna jakin batzuk erabili izan dira historiaurreko garai edo kultura jakin batzuen ezaugarriak zehazteko.

  1. «ZT Hiztegi Berria» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2023-09-11).
  2. «A.3.1.3. Langatxoko Lezea (Mutriku)» Arkeoikuska (Euskal Kultura Ondarearen Zentrua) 91: 102..
  3. a b (Gaztelaniaz) Garrido Pimentel, Daniel. (2012). «Análisis tecno-funcional de las azagayas de base hendida en el área central de la región cantábrica» Kobie. Paleoantropología 31: 57. ISSN 0214-7971..
  4. Sánchez Zufiaurre, Leandro. (2007). «Erdi Aroko eraikuntza teknikak» EKOB. Euskal Kultura Ondare Bilduma (EHU) 3: 81..
  5. «Fósil director. Artículo de la Enciclopedia.» enciclopedia.us.es (Noiz kontsultatua: 2023-09-11).
  6. Abad, Miguel Ardanuy. (2014-07-09). «...¡Que la Prehistoria os acompañe!: EVOLUCIÓN TECNOLÓGICA Y FUNCIONAL DE LAS PUNTAS DE PROYECTIL SOLUTRENSES*» ...¡Que la Prehistoria os acompañe! (Noiz kontsultatua: 2023-09-12).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy