Francisco Ignacio Madero González (Parras, 1873ko urriaren 30a - Mexiko Hiria, 1913ko otsailaren 22a) Mexikoko politikaria zen. Europan egin zituen ikasketak, eta horiek amaitu ondoren Mexikora itzuli zen. 1908an liburu bat argitaratu zuen (La Sucesión Presidencial en 1910), gobernuak debekatu egin zuena. Porfirio Díaz diktadoreak atxilotu zuen, 1910eko hauteskundeak igaro arte. Hauteskundeak Díazek irabazi zituen. Maderok Estatu Batuetara ihes egin, eta Mexikon matxinada antolatu zuen. Ia Mexiko osoa matxinatu zen Porfirio Díazen aurka. 1911ko otsailean, Mexikon sartu eta Ciudad Juárez hartu zuen, Díaz lehendakaritza uztera behartuz. Hauteskundeen ondoren, lehendakari izendatu zuten (1911ko azaroa). Politikarako eta gizarte-arazoetarako zuen ikuspegi mugatuaren ondorioz, larrialdi asko igaro zituen, Zapataren Plan de Ayala delakoa eta Orozcoren eta Félix Díazen matxinadak, besteak beste. Victoriano Huertak eman zuen estatu-kolpeak aginpidetik kendu zuen (1913ko otsaila), eta fusilaturik hil zen.