Sir Frederic Gowland Hopkins (Eastbourne, Sussex, 1861eko ekainaren 20a - Cambridge, 1947ko maiatzaren 16a) ingeles biokimikaria izan zen. 1929ko Medikuntzako Nobel Saria jaso zuen Christiaan Eijkmanekin batera bitaminak aurkitzeagatik. 1901ean aminoazido triptofanoa ere aurkitu zuen.
Medikuntza ikasi zuen Londresen eta irakasle izan zen Guy's Hospitalean. 1898an Cambridgeko fisiologia laborategian sartu zen eta 1902an fisiologian doktoratu zen Londresko Unibertsitatean. 1914an biokimikako irakasle izendatu zuten Cambridgeko Unibertsitatean.
Zelulek erredukzio- eta oxidazio-prozesuen bidez energia nola lortzen duten aztertu zuen. 1912an bitaminei buruzko bere lana argitaratu zuen. Urte batzuk geroago Nobel Saria irabazi zuen lan honengatik. Lehen Mundu Gerran bitaminen nutrizio-balioari buruzko lanarekin jarraitu zuen.
Royal Societyko lehendakaria izan zen 1930etik 1935era.