Frederiko II.a[1] (Jesi, Markak, 1194ko abenduaren 26a – Castel Fiorentino, Apulia, 1250eko abenduaren 13a), ezizenez Stupor mundi edo «Munduko miraria» deitua, Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorea izan zen 1220-1250 bitartean. Horrezaz gain, Italiako erregea (1220-1250), Alemaniako erregea (1212–1250) eta Siziliako erregea (1198–1250) izan zen. Seigarren Gurutzadan parte hartu ondoren, Jerusalengo errege bihurtu zen[2].
Erdi Aroko Germaniako enperadorerik boteretsuenetariko bat izan zen, eta bere burua erromatar enperadoreen ondorengo zuzentzat jotzen zuen[3]. Aitasantutzarekin hainbat gerra izan zituen; izan ere, Aita Santuen Lurraldea iparraldeko Italian zituen lurraldeen eta hegoaldeko Siziliako Erresumaren artean zegoen. Lau aldiz eskumikatu zuten eta Gregorio IX.ak antikristo deitu zion.