Fridtjof Wedel-Jarlsberg Nansen (Oslo, Norvegia, 1861eko urriaren 10a - Lysaker, Norvegia, 1930eko maiatzaren 13a) norvegiar esploratzaile, zientzialari eta diplomatikoa izan zen. 1922an Nazioen Ligako Goi Ordezkaritzan burututako lanarengatik Bakearen Nobel Saria irabazi zuen. Orokorki Norvegiako historiako pertsonaia garrantzitsuenen artean kokatua izan ohi da.
Kirol eskiatzaile aitzindari gisara hasi zen, gerora Ipar Poloko esploratzaile bezala jarduteko. Nansenek Fram itsasontzi barnean egindako espedizioan artikoan arrakasta handia lortu zuen, Ipar Polora lehen inork lortu ez zuen bezainbeste hurbilduz. Fram bere ontziarekin Oslon itsasoratu eta behin Artikora ailegatzean ontzia noraezean joan zedin utzi zuen, ondoren bere bidailagun zen Fredrik Hjalmar Johansenekin 86° 15' Iparraldera ailegatu zelarik. Beren irteeratik hiru urtetara Jackson-Harmsworth espedizioak bi gizonok erreskatatu zituen.
Beranduago Nansen zoologo eta ozeanografo gisara nabarmendu zen, bai eta Neuronaren Doktrinaren aitzindarietako bat bezala. Diplomatiko modura ere gailendu zen, denborarekin Nazioen Ligaren Errefuxiatuen Mandatari bilakatu zelarik. Eva Nansenekin (1907an zendua) ezkondu eta Odd Nansen arkitekto eta humanista nabarmenaren aita izan zen. Eigil Nansenen aitona ere bada.
Tony Harrisonen 2008ko Fram idazlanaren pertsonai nabarienetako bat ere bada, lan hau Nansenen darwinismotik humanitarismorako bilakaerari buruz jarduten da.