Game of Thrones (euskaraz Tronuen Jokoa edo Tronuen Dema) David Benioff eta D. B. Weiss-ek sortutako Erdi Aroko fantasiazko telesaila da. Telesaila George R. R. Martinen A Song of Ice and Fire eleberrietan oinarrituta dago, lehendabizikoa A Game of Thrones izendatua. Telesaila Belfast hiriburuko estudioetan grabatu zen, baita Ipar Irlanda, Kanada, Kroazia, Islandia, Malta, Maroko, Eskozia, Espainia eta Euskal Herrian ere. Saioa HBO telebista-katean emititu zen 2011ko apirilaren 17a eta 2019ko maiatzaren 16a artean.
Westeros eta Essos kontinente fikziozkoetan garatzen da telesaila. Saioak arku narratibo ezberdinak kontatzen ditu aktore-multzo zabal baten laguntzarekin. Halaber, hiru istorio nagusi garatzen dira batez ere telesailean. Istorioko lehen arkua familia noble dinastikoen aliantza eta gatazketan zentratzen da; familia hauek Zazpi Erreinuetako Burdinazko Tronua erreklamatu edota tronuaren independentzia eskuratu nahi dute, eta horretarako elkar lehian arituko dira. Bigarren arku narratiboa, aldiz, erreinutik kendu zuten gobernari dinastia baten azken ondorengoan zentratzen da, erbestean bere familiaren tronua berreskuratzeko konspiratzen dabilena. Azkenik, erreinua herri basatietatik nahiz legendazko izakietatik defendatzen duten anaitasunean zentratzen da hirugarren arkua.
Game of Thrones telesailak ikusleria errekorrak lortu ditu HBO katean, eta nazioarteko fanatikoen euskarri sendo bat du saioak. Kritikariengandik txalotua izan da telesaila, batez ere aktuazio, pertsonaia konplexu, istorio, irismen eta ekoizpen-balioengatik. Hala ere, kritikatuak izan dira telesailean ohikoak diren eszena nudistak eta indarkeria-eszenak (biolentzia sexuala barne). Telesailak 47 Primetime Emmy Sari jaso ditu.
2016ko azaroan telesail honetako hainbat eszena Gipuzkoako Zumaia udalerriko Itzurun hondartzan eta Bizkaiako Bermeo udalerriko Gaztelugatxe kokalekuan filmatu ziren.[1]