Ganga (arkitektura)

Gurutze ganga, San Migel eliza (Gasteiz)

Ganga arku itxura duen eraikuntza-elementua da, bi hormen edo hainbat zutaberen arteko espazio bat estaltzeko erabilia. Gangak beherantz eta kanporantz egiten du indarra, arku baten antzera, eta kontra-indarra behar dute aurre egiteko. Ganga lurpean badago, lurrak berak egiten du kontra-indarra. Lurretik kanpo badago, hainbat elementu erabili daitezke kontra-indarra lortzeko, hormabularrak edo ostiko arkuak adibidez.

Ganga mota sinpleena kanoi ganga da, gehienetan itxura erdi-zirkularra duena. Berez, kanoi-ganga arku jarraitu bat da, arkuaren diametroa baino handiagoa den luzera badu. Arku bat eraikitzean bezala, aldi baterako euskarri bat ezarri behar da, zinbria izenekoa, giltzarria ipini arte ez baita bakarrik eusten. Gangak atal bakarrean edo dobelak erabiliz eraiki daitezke, material ugaritan: adreiluz, harriz, altzairuz, hormigoiz eta abar.

Historian zehar, ganga garrantzi handiko elementua izan da, espazio handiak estaltzeko era bakarra baitzen, baina hormigoiaren eta altzairuaren garapenarekin garrantzia galduz joan du baoburudun edo esekitako egituren kaltetan. Hala ere, egun hormigoi armatuzko gangak sarritan erabiltzen dira ingeniaritza zibilean, batez ere tunelak eta galeriak eraikitzeko.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in