Garapenaren biologiak organismoek jasaten dituzten hazkuntza eta eraldaketa prozesuak aztertzen ditu. Hau da, organismoen (animalia zein landare) ontogenia aztertzen duen biologiaren adarra da. Garapenaren bidez bizidunen dibertsitate zelularra mantentzea lortzen da. Prozesu hauek organismoen bizitza osoan zehar ematen dira. Garapenaren ikerketa maila biologiko desberdinetan egin daiteke (zelularra, ekologikoa, genetikoa…), beste zientzia (medikuntza, kimika) eta biologiaren arloekin (biokimika, fisiologia, ekologia) lotura estua mantenduz. Garapenaren biologia oinarrizkoa bihurtu da bizia zein bizidunak ulertzeko.
Garapenaren biologiaren interes nagusiak honakoak dira: zelulen desberdintzapena (zelula batetik beste hainbat desberdin sortzea), morfogenesia (zelulen kokapen espezifikoa forma ordenatu bat eratzeko), hazkuntza (zelula zatiketaren erregulazioa), ugalketa (gametoen eraketa eta elkarrekintza), eboluzioa (aldaketen transmisioa) eta ingurune-integrazioa (ingurunearen eragina garapenean)[1].