Garbiketa etnikoa toki zehatz batetik talde etniko edo arraza jakin baten ezabaketa sistematikoa da, etnia indartsuagoko talde batek behartutakoa. Gehienetan homogeneotasun etnikoa lortzeko asmoarekin egiten da.[1] Horretarako, hainbat teknika erabiltzen dira: migratzera behartzea (deportatzea, biztanleria lekualdatzea), beldurra eragitea, baita genozidioa eta bortxaketa genozidak ere.
Garbiketa etnikoaren bidez, maiz, leku jakin batetik xede-talde baten arrasto fisiko eta kulturalak ezabatu nahi dira. Horretarako, etxeak, gizarte-zentroak, landetxeak eta azpiegiturak suntsitzen dira, eta monumentu, hilerri eta gurtza lekuak profanatzen.
Hasiera batean, hitza Jugoslaviako Gerrako eragileek erabiltzen zuten, eta Alemania naziaren «Azken Konponbidea» kontzeptuaren antzeko eufemismoa zen. 1990eko hamarkadan hedatu eta onartu egin zen terminoa, kazetaritzan eta komunikabideetan terminoaren esanahi orokorraren erabilera areagotu baitzen.[2]