Gimnospermo | |
---|---|
Devoniar-gaur egun | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Dibisioa | Gymnospermae |
Dibisioak |
Gimnospermo deritze (Gymnospermae)[1] haziak sortzen dituzten landare taldeari.Landare baskular eta espermatofitoak dira, hau da, haziak sortzen dituzten benetako ehundun landareak dira. Izena antzinako grezieratik dator, γυμνόσπερμος (γυμνός "gymnos", biluzik eta σπέρμα "sperma" hazi) eta "hazi biluziak" esan nahi du. Denominazio hori landare hauen haziak obario baten barruan sortzen ez direlako Egokitzen zaie, hau da, biluzik sortzen direlako lore emeetan. Angiospermoen kasuan Pistilo baten barruan sortzen dira haziak eta ondoren pistilo hori fruitua bilakatzen da.
Bizirik dirauten Gimnospermoen taldearen azpitaldeak hauek dira: Cycadophyta, Gnetophyta, gingkophyta eta Pinophyta. Guztira 14 familia, 88 genero eta 1000 bat [2][3]espezietan daude banatuta. Mundu osoan zehar 72º iparretik 55º hegoraino ageri dira eta landareen gehiengoa osatzen dute ingurune hotzenetan (artikoa eta garaiera handiko inguruak). Munduko landare zaharrenak eta garaienak dira gimnospermoak.Gimnospermoen moldaera arrakastatsuenak xilemaren egitura eta ugalketarako estrategiak direla esan daiteke. Gimnospermo guztiek dituzte trakeidak xileman gnetopsidoek izan ezik. Hori dela eta, zenbait egoeratan ura garraiatzeko gaitasun hobea dute. Gimnospermoak ondo egokituta daude obulua ondo babesteko eta hazia hedatzeko.
Gimnospermo batzuk astiro ugaltzen dira, izan ere, batzuetan urte bat pasatzen da polinizaziotik zigotoa sortu arte eta beste hiru urte hazia heldu arte. Hala ere, gimnospermo gehienek ziklo arinagoa dute. Polinizazioa haize bidez egiten dute zikadopsidoek eta gnetopsido batzuek izan ezik.