Giza Immunoeskasiaren Birusa

Giza Immunoeskasiaren Birusa
Sailkapen zientifikoa

Azpibanaketa
Giza Immunoeskasiaren Birusa 1
Giza Immunoeskasiaren Birusa 2
Datu orokorrak
GaixotasunaHartutako Immuno Eskasiaren Sindromea eta human immunodeficiency virus infectious disease (en) Itzuli

Giza Immunoeskasiaren Birusa (GIB) HIESaren eragilea da. Izenak iradoki bezala, birus honek defentsa immunologikoak murrizten ditu gizakiengan, gaixotasun infekziosoei eta minbizi mota batzuei ateak irekiz.

Ingelesezko akronimo baliokidea "HIV" (Human Immunodeficiency Virus) da, unibertsalki erabilitakoa.

GIB bidezko infekzioa pandemia bat da gizakian. 2006ko urtarrilean Osasunerako Mundu Erakundeak HIESak 25 milioi pertsona baino gehiago hil dituela esan zuen 1981eko abenduaren 1ean lehen aldiz ezagutu zenetik. Munduko biztanleriaren %0.6 inguru GIB birusarekin infektatuta dagoela uste da. HIESak eragindako heriotzen herenak Saharaz hegoaldeko Afrikan gertatzen dira, hazkuntza ekonomikoa atzeratu eta txirotasuna handituz. Tratamendu antierretrobiralak GIBak eragindako hilkortasuna murrizten du, baina medikamentu hauek ezin dira herrialde guztietan eskuratu.

GIBak batez ere immunitate sistemako zelulak infektatzen ditu, hala nola, T linfozito laguntzaileak, makrofagoak eta zelula dendritikoak. GIBak sortutako infekzioak CD4 T zelulen mailak jaistea eragiten du hiru mekanismo nagusiren bidez: zelula infektatuen birus bidezko heriotza zuzena, infektatutako zelulen apoptosi tasaren igoera eta CD8 linfozito zitotoxikoen bidez infektatutako zelulen heriotza. CD4 T zelulak maila kritikotik jaisten direnean, immunitate zelularra galdu egiten da eta infekzio oportunistak agertzeko arriskua egongo da.

GIB birusarekin infektatutako pertsonek denborarekin HIESa garatzen dute. GIB birusa duten baina HIESa garatu ez duten pertsonak seropositiboak bezala ezagutzen dira. Puntu honetara iritsitakoan, hau da, behin HIESa garatu denean, immunitate sistemak huts egingo die eta infekzio oportunista eta neoplasien eraginez hilko dira gaixoak. Tratamendurik gabe, GIBa duten 10 pertsonetatik 9k HIESa garatuko dute 10-15 urteren buruan. Antierretrobiralekin tratatuz gero, infektatutako pertsonen bizi itxaropena handiagoa izango da, baita HIESa garatu bada ere.

Gaur egun HIESa duen eta tratamendua hartzen duen gaixo baten bizia bost urtetan luza daiteke, baina ez bada tratatzen urtebeteren buruan hilko da. Etorkizuneko tratamenduei esker, GIBarekin infektatuta dauden pertsonen bizi itxaropena gainontzeko biztanleriaren antzekoa izango dela uste da.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy