Giza sexualitate

Giza sexualitate

Giza sexualitatea esperientzia erotikoak sentitzeko eta sexualki adierazteko gaitasuna da.[1][2] Horrek sentimendu eta portaera biologikoak, erotikoak, fisikoak, emozionalak, sozialak edo espiritualak inplikatzen ditu. Gizakiek hainbat helbururekin egiten dituzte sexu-jarduerak, ugalketarako, gizarte-loturak mantentzeko, edo norberaren nahiz bestearen gozamenerako eta atseginerako. Sexualitatearen alderdi biologikoak eta fisikoak, neurri handi batean, giza ugalketa-funtzioei dagozkie, giza sexu-erantzunaren zikloa barne.[3][4]

OMEk, OPSek eta WAek (2000) honela definitzen dute sexualitatea:

« gizaki izatearen funtsezko dimentsioa da: sexuan oinarrituta, generoa, sexu- eta genero-identitateak, sexu-orientazioa, erotismoa, lotura afektiboa eta maitasuna, eta ugalketa barne hartzen ditu. Pentsamendu, fantasia, desira, sinesmen, jarrera, balio, jarduera, praktika, rol eta harreman modura esperimentatzen edo adierazten da. Sexualitatea faktore biologiko, psikologiko, sozio-ekonomiko, kultural, etiko eta erlijiosoen edo espiritualen elkarreraginaren emaitza da. »

[5]


Pertsona baten sexu-orientazioa beste sexuarekiko, sexu berarekiko edo beste sexu batekiko sexu-intereseko patroia da.[6] Sexualitatearen alderdi fisiko eta emozionalek sentimendu sakonen edo maitasun-, konfiantza- eta zaintza-adierazpen fisikoen bidez adierazten diren banakoen arteko loturak barne hartzen dituzte. Sexualitateak  bizitza kulturalean, politikoan, legalean, filosofikoan, moralean, etikoan eta erlijiosoan eragina du, eta hauek, sexualitatean ere badute eragina.

Giza akoplamenduari, ugalketari, ugalketa-estrategiei eta ikaskuntza sozialaren teoriari buruzko ikuspegi ebolutiboek sexualitateari buruzko ikuspuntu gehiago ematen dute. Sexualitatearen alderdi soziokulturalek gertaera historikoak eta sinesmen erlijiosoak barne hartzen dituzte. Kultura batzuk sexualitatearen errepresore gisa deskribatu dira. Sexualitatearen azterketak giza identitatea ere barne hartzen du talde sozialen barruan, baita sexu- eta ugalketa-osasuna ere.

  1. (Ingelesez) Sex and Society. Marshall Cavendish 2010 ISBN 978-0-7614-7907-9. (Noiz kontsultatua: 2020-05-27).
  2. (Ingelesez) Ferrante, Joan. (2014-01-01). Sociology: A Global Perspective. Cengage Learning ISBN 978-1-285-74646-3. (Noiz kontsultatua: 2020-05-27).
  3. (Ingelesez) Greenberg; Bruess, Clint E.; Oswalt, Sara B.. (2016-02-19). Exploring the Dimensions of Human Sexuality. Jones & Bartlett Publishers ISBN 978-1-284-08154-1. (Noiz kontsultatua: 2020-05-27).
  4. (Ingelesez) Bolin, Anne; Whelehan, Patricia. (2008). Human Sexuality: Biological, Psychological, and Cultural Perspectives. Taylor & Francis ISBN 978-0-7890-2671-2. (Noiz kontsultatua: 2020-05-27).
  5. «Promoción de la salud sexual. Recomendaciones para la acción | UNESCO HIV and Health Education Clearinghouse» hivhealthclearinghouse.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-27).
  6. «Sexual orientation, homosexuality and bisexuality» web.archive.org 2013-08-08 (Noiz kontsultatua: 2020-05-27).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy