Goi Erdi Aroa

Erdi Aroko Garaiak

Goi Erdi Aroa

Erdi Aro Klasikoa

Behe Erdi Aroa

Goi Erdi Aroa —Erdi Aro Goiztiarra izenaz ere ezaguna[1]Europako historian historialariek gutxi gorabehera 500tik 1000 arteko garaiari ematen dieten izena da, oro har. Ohartu behar da aditu guztiak ez datozela bat, hasierako data jartzerakoan batik bat. Izan ere, nahiz eta hastapeneko mugarria eskuarki Erromatar Inperioaren erorketa den, hainbat historialariren arabera, Antzinaroa III. mendeko krisialdiarekin amaitu zen. Beste batzuen ustez, berriz, Erdi Aroa eta, hortaz, Goi Erdi Aroa, VII. edo VIII. mendeeak arte ez zen hasi.

Edonola ere, Mendebaldeko Erromatar Inperioaren gainbeherarekin estatu indartsu eta zentralizatua desagertu zen Mendebaldeko Europan. Rhin eta Danubio mugez haratatik zetozen herriek estatu berriak osatu zituzten, iraupen desberdinak izan zituztenak. Izan ere, erresuma batzuek besteak gailentzean desagerrarazten zituzten. Hala gertatu zen, esaterako, frankoek burgundiarrak garaintzean edo bisigodoek suebiarrak azpiratzean. Indartu jarraitzen zuen Bizantziar Inperioak, Ekialdeko Erromatar Inperioak alegia, beste erresuma batzuk, vandaloena eta ostrogodoena, menderatu zituzten, aurreko Erromatar Inperioaren hedadura lortu nahian.

Hortik gutxira, garaiko erresumek beste arrisku bat izan zuten: migrazio bigarren olatu bat. Iparraldetik bikingoek erasotu zuten Atlantikoko kostaldea (Mediterraneora ere iritsi ziren); hungariarrak Erdi Europan kokatuta, zonalde hori arpilatu zuten; eslaviarrek Bizantziarren mendean zegoen Balkanetako penintsulako iparraldea okupatu zuten; hegoaldetik arabiarrek Iberiar penintsula inbaditu zuten.

Mendebaldeko erresumen artean, arrakastatsuena frankoena izan zen. Batik bat Pepin Laburra eta Karlos Handia seme eta ondorengoari esker, agintea beste askoren gainean ezarri zuten, eta, 800eko abenduaren 24an, enperadore izendatu zuen Aita Santuak Karlos, Erromatar Inperioaren nagusitasun galdua berreskuratu nahi zuten ikurra.

  1. XX. mendearen bukaeran eta XXI.aren hasieran Goiz Erdi Aro izena ere erabili zen, baina gaizki sortua zen, eta hiztegietatik —hala nola Euskaltermetik— kendu egin zuten. Desegokitasunaren arrazoiak, besteak beste, Ibon Sarasolak azaldu zituen «Goiz Erdi Aroa, Berant Erdi Aroa»[Betiko hautsitako esteka] artikuluan.

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy