Golf

Tiger Woods jokoan.

Golfa edo kali jokoa pilota txiki bati ahalik eta kolpe gutxien emanez hainbat zulotako zirkuitua osatzean datzan kirola da. Jokalariei golflari deritze.

Pilota joku gehienek ez bezala, ez du, eta ezin du joko eremu estandarizaturik erabili, eta zelai bakoitzak dituen lur-eremu bereziei aurre egitea jokoaren funtsezko zatia da. Ibilbideek, normalean, 18 edo 9 zulo izaten dituzte, bakoitzak zulo bat duen lur-eremuak, pilota jasoko duen zuloa. Ibilbideko zulo bakoitzak, hasteko, tee deritzan irteera leku bat du, eta zuloa daukan eremu berde bat (green). Hainbat lur mota estandar daude teeren eta greenen artean, hala nola kalea, sasitza (belar handia) eta hainbat oztopo: ura, harkaitzak edo hondarrez betetako bunkerrak. Kale bakoitzak zulo bakarra du, bere kokapen zehatzean.

Partidak bi modutara joka daitezke: jokalari batek zulo guztiak kolpe kopuru txikiena emanez lortzea, stroke play edo kolpekako joko izenaz ezagutzen dena, edo, jokalari edo talde batek egindako txandan, osoko zulo indibidualenetan puntuazio baxuena lortzea, match play edo partida-jokoa deritzona. Maila guztietako formatu ohikoena stroke play da, batez ere eliteari dagokionez.

Joko modernoa Eskozian sortu zen XV. mendean. Hemezorti zulotako ibilbidea St Andrewsko Zelai Zaharrean sortu zen 1764an. Lehen txapelketa nagusia —munduko golf txapelketa zaharrena ere bada— The Open Championship da, British Open izenaz ere ezaguna, lehen aldiz 1860an Ayrshireko (Eskozia) Prestwick Golf Klubean jokatu zena. Gizonezkoen golf profesionaleko lau txapelketa handietako bat da; beste hirurak Estatu Batuetan jokatzen dira: Mastersa, AEBetako Irekia eta PGA txapelketa.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy