Gorputz zetoniko

Gorputz zetonikoak gibelean sortzen diren molekula hidrosolugarriak dira, lau karbono atomo dituztenak. Egitura kimikoari dagokionez, zetonak edo zeto azidoak dira, eta azetil-CoA da beren sorreran parte hartzen duen aitzindaria.

Azido azetil azetikoa (azetoazetatoa), azido beta hidroxibutirikoa eta azetona dira gorputz zetoniko nagusiak [1].

Katabolizatzen direnean (Krebs zikloaren bidez) energia kimikoa (ATP) sortzen dute.

Esan liteke gorputz zetonikoak gantz-azidoen degradazioaren emaitza direla, prozesu horretan (beta oxidazioan) azetil-CoA -gorputz zetonikoen aitzindaria- sortzen delako. Diabetean gantz-azidoen degradazioa areagotzen da, zelulak energia lortzeko lipidoak katabolizatu behar dituelako (ezin baitu glukosa erabili, diabetean zelulak glukosa eskura ez duelako). Ondorioz, diabetean azetil-CoA asko sortzen da, eta gorputz zetonikoak ere gehiegizko kontzentrazioan agertzen dira odolean (zetosi izeneko asaldura arriskutsua agertuz).

  1. Ganong, W.F.: Manual de Fisiología Médica, Ed. El Mundo Moderno (1980), 263-264 orr.

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in