Grey's Anatomy (euskaraz: «Greyren Anatomia») Shonda Rhimesek sortutako telesail estatubatuarra da. 2005eko martxoaren 27an estreinatu zen ABCren eskutik; handik geroztik 19 denboraldi igorri dira. Fikziozko Grey Sloan Memorial ospitalean (hasieran Seattle Grace Hospital eta ondoren Seattle Grace Mercy West deitua) dauden barneko medikuen, egoiliarren eta euren aholkularien bizitzaz aritzen da telesaila, prestakuntza medikoa eta bizitza pertsonala mantentzearren ezinezkoa egiten dutelarik. Seattle-n kokatua egon arren, telesaila Kaliforniako Los Angeles eta Kanadako Vancouverren dago grabatuta.
Telesailak arrakasta komertziala eskuratu du, baita goraipamenezko kritikak ere. Lehenengo atala 16,25 milioi ikuslek ikusi zuten eta lehenengo denboraldiaren amaiera 22,22 milioik. Bigarren eta hirugarren denboraldiek ikusle-kopuru altuenak lortu zituzten, batezbesteko 19 milioi ikuslerekin. Telesailak, batez ere bigarren eta hirugarren denboraldietan, sari ugari jaso ditu, horien artean drama telesail hoberenari Urrezko Globo Saria 2006an, bi Emmyrako proposamen 2006an eta 2007an eta beste sari eta izendapen emanaldi batzuk idazkera eta zuzendari-karguengatik. Momentuz lau Emmy sari lortu ditu.