Gro Harlem Brundtland (norvegieraz ˈɡruː ˈhɑ̀ːlɛm ˈbrʉ̀ntlɑnː; Bærum, Oslotik gertu, 1939ko apirilaren 20a - ) norvegiar politikaria da. Norvegiako lehen ministroa izan zen hiru aldiz (1981, 1986-1989 eta 1990-1996) Alderdi Laboristaren izenean eta 1998tik 2003ra Osasunerako Mundu Erakundeko buru izan zen. 1983. urtean Ingurumenaren eta Garapenaren Munduko Batzordea sortu zen Javier Pérez de Cuéllarren eskutik, zeina Nazio Batuen Erakundearen azpi-erakunde bat zen, eta helburua garapen iraunkorraren alde herrialdeak batzea zen. Nazioarte mailan ezagun bihurtu zen 1986an berak gidatutako Ingurumenaren eta Garapenaren Munduko Batzordeak edo "Brundtland Commission", Garapen Iraunkorra kontzeptua sortu eta zabaldu zuelako lehen aldiz "Brundtland txostena” edo “Our Common Future” txostenean. Ondoren, 1987an Nazio Batuen Erakundeak argitaratuko zuen txosten hori [1]. 1996an Lehen Ministro gisa dimisioa eman ondoren, garapen jasangarriaren eta osasun publikoaren arloko nazioarteko lider bihurtu zen, eta Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusia eta NBEren Klima Aldaketaren kidea izan zen 2007tik 2010era[2]. The Elders-eko presidenteordea eta Internazional Sozialistako presidenteorde ohia ere bada.
Brundtland bere alderdiaren alde moderatua zen eta Norvegia Europar Batasunarekin bat egitea babestu zuen 1994ko erreferendumean. Lehen Ministro bezala, Brundtland "nazioaren ama" bezala oso ezaguna izan zen[3]. Brundtlandek Karlomagno Saria jaso zuen 1994an, eta beste hainbat sari eta aitorpen jaso ditu. Horrez gain, nazioarteko hainbat foro eta ekimenetan parte hartu du, besteak beste, Nazio Batuen Merkataritza eta Garapenerako Konferentzian, Emakumezko Agintarien Munduko Kontseiluan, Madrileko Klubean, Bilderberg taldeko bileretan eta Nagusiak izeneko elkartean (The Elders).
2011ko urriaren 17an Euskal Herrian izan zen, Donostian egindako Bake Konferentzian parte hartzen. Koffi Annan eta Europako beste 4 lider politikorekin presiditu zuen mahaia (Jonathan Powell, Bertie Ahern, Pierre Joxe eta Gerry Adams), eta bertan ETAri borroka armatuari bukatzeko eskatu zioten alde bakarreko eta Espainiako zein Frantziako gobernuekin negoziatu gabeko prozesu baten baitan. Handik hiru egunetara ETAk borroka armatuari amaiera ematea erabaki zuen.[4]