Haka

Artikulu hau Zeelanda Berriko gerra-dantzari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Hatxe».
Haka 1845 inguruko irudian.

Haka zeremonia edo desafio dantza maoria da. Taldean egin ohi da, eta tribuaren harrotasuna, indarra eta batasuna erakusten du. Tradizioz, bai gizonek bai emakumeek egin izan dute, eginkizun sozial askotarako; esaterako, gonbidatu ospetsuei ongietorria emateko edota familiako ospakizunetan.[1]

Dantzariek mugimendu gihartsuak egiten dituzte, hala nola, lurra zangoekin jotzea, mihia ateratzea eta gorputza erritmikoki makurtzea, garrasi bortitzez lagundurik. Hitzek, era poetikoan, arbasoei eta tribuaren historiako gertaerei egiten diete aipamen.[1]

Zeelanda Berriko kirol taldeetako jokalariek nazioarteko partiden aurretik egin ohi dute, jokoarekiko konpromisoa, erronka eta elkarrenganako errespetua adierazteko.[2] New Zealand Native errugbi selekzioak hasi zuen ohitura hori, 1888-1889 urteetan Europan zehar egin zuen biran.[3] All Blacksek Ka Mate izeneko haka egin ohi dute, eta Black Fernsek Ko Uhia Mai izenekoa.

  1. a b What is the haka?. newzealand.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-9).
  2. Zabala, Amaia. Louisa Wall: "Datozen hamar urteetan Zeelanda Berriaren erabateko deskolonizazioa lortzeko esperantza daukat". Argia, 2018ko apirilak 1, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-9).
  3. Natives' Rugby Tour, 1888-89. nzhistory.govt.nz (Noiz kontsultatua: 2023-11-9).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy