Harald V.a (1937ko otsailaren 21a - ) Norvegiako egungo erregea da, 1991ko urtarrilaren 17tik. Olaf IV.aren ondoren (1370ean jaioa), Norvegian bertan jaiotako lehen erregea da. Estatu buru izateaz gain, Norvegiako Elizaren eta Norvegiako Armadaren burua ere bada.
Olaf V.aren eta Marta Suediakoaren semea, Akershuseko jauregian jaio zen, bere aitona Haakon VII.a errege zela. Bere aita printze oinordekoa zen, eta arreba nagusi bi zituen: Ragnhild eta Astrid printzesak. Garai hartan Norvegiako errege familia Lege Salikoaren menpe zegoenez, emakumeek ezin zuten erregetza hartu, eta, ondorioz, bere aitaren ondorengo bezala hezi zuten.
1940an, Alemania Naziak Norvegia erasotzean, familiak ihes egin behar izan zuen bere egoitzatik. Haakon erregea eta Olaf printze oinordekoa Norvegiako iparraldean babestu ziren, eta Marta printzesak bere hiru seme-alabekin Suediara ihes egin zuen. Ostean, Estatu Batuetara joan ziren, eta Washingtonen bizi izan ziren gerra bukatu arte. Bien bitartean, erregea eta printze oinordekoa, Norvegiako erbesteko gobernuarekin batera, Londresen izan ziren. 1945ean, gerra amaitzean, itzuli ziren guztiak Norvegiara.
1958 otsailaren 21ean Konstituzioari zin egin zion printze oinordeko gisa, eta bere aitaren bidaia batzuetan erregeorde zereginak bete zituen. 1968ko abuztuaren 29an Sonja Haraldsenekin ezkondu zen Osloko katedralean. Ezkontza horrek eztabaida sortu zuen, emaztegaia ez zelako inongo errege etxe edo familia nobletakoa. Ezkontza horretatik bi seme-alaba jaio dira: Marta Luisa printzesa eta Haakon printze oinordekoa.
1991ko urtarrilaren 17an izendatu zuen errege, bere aita hiltzean. Ordutik, errege zereginak bete ditu, tartean ostiraleroko gobernu bileraren buru izan, gobernuburua izendatu, agintariekin bilerak izan, etab.
2003an puxikako minbizia diagnostikatu ondoren, operatu egin zuten. 2005ean bihotzeko operazio batzuk izan zituen. Horien guztien ondorioz, bere semeak bete behar izan du, tarte batzuetan, erregeorde postua. Eginbeharrak murriztu egin ditu ordutik, baina, dena den, ostiraleroko ministro kontseiluan parte hartzen eta funtzio konstituzionalak betetzen jarraitzen du.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Harald V.a Norvegiakoa |