Harrespil

Artikulu hau harrespil, jentil baratze edo cromlechari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Jentilbaratza (argipena)».
Okabe harrespila, Donibane Garazi hego-ekialdean.
Euskal Herriko megalitoen zonaldeak.[1]

Harrespil edo cromlecha harri eta zutarriekin zirkulu edo elipse bat osatuz eraikitzen den monumentu megalitiko mota bat da. Euskal Herrian ugari dira mota honetako megalitoak, Pirinioetako mendilerroan eta inguruan. Luzaroan uste izan da Oria eta Leitzaran bailara zutela mugatzat, bailara hauetatik mendebaldera ez baitzen harrespilik aurkitu, edo oso adibide bakanak agertzen ziren[2]. Azken urteetan, ordea, Aralarren egin diren ikerketei esker, Leitzarango bailaraz haratago harrespilak egin zirela ikusi da[3]. Gainera, 2022an, Bizkaiko lehen harrespilak aurkitu zituzten Oiz mendian[4].

Euskal mitologian, bestalde, toki bereziak ziren; hain zuzen, jentil-baratze edo mairu-baratze izenez ere esaten zaie, horien eraikuntza jentil edo mairuei egozten baitzitzaien.

Erresuma Batua, Frantzian, Danimarkan eta Suedian ere zabaldurik daude, nahiz eta ez diren Pirinioetako harrespilen berdinak. Frantzia iparraldekoak, kasu, ez dute hildakoren aztarnarik. Izatez, izen ezberdinak erabiltzen dira ikerketetan, eta Pirinioetan aurki daitezkeen egiturak aipatzeko "Pirinioetako cromlechak" esamoldea erabili ohi da. Gainera, "cromlech" izena, jatorriz, galesa da, eta trikuharria izendatzeko erabiltzen zen tradizionalki.

  1. Kondaira. (Noiz kontsultatua: 2017-11-21).
  2. Ezaguna da Mendiluzeko harrespila, Arabako Entzia mendilerroa
  3. Alustiza, José Antonio Mujika; García, Jaione Agirre; Muñoz, Erik Arévalo; Fito, José Miguel Edeso; Galarraga, Ane Lopetegi; Heredia, Iñigo Orúe Beltrán de; Díaz, Sebastián Pérez; Alonso, Mónica Ruiz et al.. (2018). «El conjunto de círculos pirenaicos de Ondarre en la Sierra de Aralar (Gipuzkoa): de monumento funerario a hito ganadero» Munibe Antropologia - Arkeologia (69): 191–210. ISSN 1132-2217. (Noiz kontsultatua: 2022-01-30).
  4. «[BIDEOA Oiz mendian Bizkaiko lehenengo cromlechak aurkitu dituzte, Burdin Aroko hilobi-monumentuak - Durangaldea»] Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2023-04-10).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy