Harrikatz

Harrikatza
Harrikatz bituminoso-zaina. Eskozia Berria, Kanada.

Harrikatza, besterik gabe ikatza ere deitua, erregai fosil beltz eta gogorra da, gehienbat karbonoz osatua eta landare jatorri duena. Ikatz izenarekin minerala ez den eta landare edo animalia substantziei ura eta beste osagai lurrunkor batzuk kenduz eskuratzen den egur ikatza ere izendatzen da.

Harrikatza arroka sedimentario beltz edo beltz marroixka da, naturan, gehienetan, zain edo beta deritzen geruzetan pilatuta agertzen dena. Formarik gogorrenak, esaterako antrazita, arroka metamorfikotzat har daiteke, tenperatura eta presio handiak jasan izan dituen harria baita. Ikatzaren elementurik nagusiena karbonoa da, eta hidrogenoa, sufrea, oxigenoa eta nitrogenoa ere ditu. Historian zehar oso baliabide erabilia izan da energia iturri gisa eta meatzaritza jarduera handia eragin du. Gaur egun, batez ere elektrizitatea edota beroa sortzeko erretzen da, baina kokea eta gasa produzitzeko ere erabiltzen da.

Munduko ikatz ekoizle handienak herrialdeok ziren 2011n: Txina 3.520 milioi tona (Mt), Ameriketako Estatu Batuak 992,8 Mt, India 588,5 Mt, Australia 415,5 Mt, Errusia 333,5 Mt, Indonesia 324,9 Mt, Hego Afrika 255,1 Mt, Polonia 139,2 Mt, Kazakhstan 115,9 Mt eta Ukraina 86,8 Mt[1].

  1. BP Statistical Review of World Energy June 2012 Bp.com

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy