Hautapen ahaidetasunak | ||||
---|---|---|---|---|
Jatorria | ||||
Egilea(k) | Johann Wolfgang von Goethe | |||
Sorrera-urtea | 1809 | |||
Argitaratze-data | 1809 | |||
Izenburua | Die Wahlverwandtschaften | |||
Jatorrizko herrialdea | Alemania | |||
Ezaugarriak | ||||
Hizkuntza | alemana | |||
kronologia | ||||
|
Hautapen ahaidetasunak (alemanez Die Wahlverwandtschaften) Johann Wolfgang von Goethe autorearen hirugarren eleberria da eta 1809an argitaratu zen. Weimar hiriaren inguruan kokatzen da obra, eta Eduarden eta Charlotteren istorioa kontatzen du: bikote aristokratikoa da eta bizitza idilikoa bezain normala dute hiriaren kanpoaldeko etxe batean. Bientzat bigarren ezkontza izan arren, harremana okertu egiten da Eduarden laguna, Otto Kapitaina, eta Charlotteren iloba umezurtza, Ottilia, haiekin bizitzera gonbidatzen dituztenean. Ottiliari eta Kapitainari egindako gonbita «esperimentu» bat izatea nahi dute, eta hala izango da. Liburuan, etxea eta inguruko lorategiak honela deskribatzen dira: «erreplika kimiko bat dira, non giza elementuak elkartzen diren irakurlearengan erreakzio ezberdinak sortzeko»[1][2]. Erreakzio kimiko baten antzera, gerturatze berriak gertatuko dira etxeko kideen artean: Charlotteren arrazoimenaren eta Otto Kapitainaren sentiberatasun eta energiaren artekoa, eta Eduarden pasioaren eta Ottiliaren gaztetasun xarmagarriaren artekoa. Pasioaren eta arrazoimenaren arteko gatazkak kaosa dakar eta, azken batean, amaiera tragikoa.
Badira eleberria Goetheren obrarik onena eta, aldi berean, enigmatikoena dela esaten dutenak. Weimarko klasizismoko elementuak konbinatzen ditu, hala nola, bilbea parabola zientifiko gisa antolatzea eta erromantizismoaren joerei ez jarraitzea. «Hautapen ahaidetasunak» terminoa, hasiera batean, kimika arloko termino zientifiko bat zen; Robert Boyle, Isaac Newton eta Antoine Lavoisier zientzialariek asko erabiltzen zuten erreakzio kimiko exotermikoak deskribatzeko eta, geroago, ioi batek beste bat lekualdatzen zuen erreakzio kimikoei erreferentzia egiteko. Goethek, ordea, kimika fisikoaren ikuskera hori erabiltzen du gizakien arteko pasioak azaltzeko, ustez, afinitate kimikoak gobernatzen dituelako pasioak; kimika-arauek ezkontzaren instituzioan edo bestelako harreman sozialetan zer eragin zuten aztertu zuen. Borondate askeaz ere mintzo da; izan ere, bere laugarren eleberrian —Wilhelm Meisters Wanderjahre, oder Die Entsagenden, «Wilhelm Meisterren erromes urteak, edo Uko egiteko urteak»— errepikatzen den gaia da.