Hazi

Dikotiledonioaren diagrama. (a) epispermoa, (b) endospermoa, (c) kotiledoia, (d) hipokotiloa.

Hazia ernalkuntzaren ondoren obulua eraldatzean —ernalkuntzaren ondorengo garapen-fasean, alegia— sortzen den organoa da.

Hazian, enbrioia (garatzen denean landare berria emango duena), enbrioiaren estalkia edo endospermoa (elikagaiak dituena) eta haziaren estalkia edo tegumentua bereizten dira. Tegumentua era askotakoa izan daiteke: gogorra, biguna, kolore desberdinetakoa, etab.

Haziak biribilak izaten dira; gehienak txikiak dira, eta kotiledoi edo hazi-hostoak izaten dituzte; gramo batetik beherako pisua izaten dute, baina badira astunagoak (27 kilotik gorakoren bat bada). Landare guztien haziek ez dute denbora bera behar izaten heldutasunera iristeko.

Angiospermoetan, fruituaren barnean dago, eta gimnospermoetan, berriz, biluzik.

Gimnospermoek sasifruituak dituzte; adibidez, pinaburua. Gimnospermoetan, enbrioiak, megagametofitoak (endospermoaren antzekoa baina haploidea da), epispermoak, nucellus-ak eta megasporaren mintzak osatzen dute hazia.

Angiospermoek benetako fruituak dituzte. Angiospermoen barruan, bi mota daude: monokotiledoneoak eta dikotiledoneoak. Monokotiledoneoetan, enbrioiak kotiledoi bakarra izaten du; dikotiledoneoetan, bi kotiledoi izaten ditu. Angiospermoetan, enbrioiak, endospermoak eta epispermoak osatzen dute hazia. Enbrioiak eta endospermoak, barruan, lipidoak, almidoia eta proteina-mota asko dituzte.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in