Helikopteroa helize horizontal bat edo bik jasotako eta higiaraziko aireontzi mota da. Izena frantsesezko hélicoptère hitzetik datorkio, Gustave de Ponton d'Amecourtek lehen aldiz erabilia 1861ean.
Leonardo da Vinci antzeko ibilgailua asmatu zuen Pizkunde garaian, baina XX. mendearen hasiera arte ez zituzten lehenengo hegaldiak egin. Izan ere, Jacques eta Louis Breguet anaia frantziarrek 1907 burutu zuten lehendabizikoa, "Gyroplane No.1" izeneko ibilgailuarekin. Urte batzuk geroago, Juan de la Cierva espainiarrak, 1923an, "autogiro" izena zuen ibilgailua asmatu zuen.
Helizeari mugimendua errotore bertikal batek ematen dio, eta hori mugitzeko bi era dira: mekanikoki, barne-errekuntzako motor baten energia engranaje batzuen bidez helizera igorriz, eta helizean finko dituen erreakzio turbinen eraginez. Lehenengo moduan, eta erreakzio efektuaren eraginez, helikopteroaren fuselajeak errotorearen aurkako norabidean biratzeko joera du; arazo hori konpontzeko motor nagusiak bultzatutako helize horizontal orekatzaile bat du helikopteroak isatsean. Bigarren moduan, erreakzioko helikopteroetan, fuselajea eta errotorearen artean transmisio mekanikorik ez dagoenez gero, ez da halakorik gertatzen.
Helikopteroaren mugimendu horizontala errotorea okertuz eta helizeko pala bakoitzaren makurtze angelua aldatuz egiten da. Bigarren Mundu Gerratik aurrera helikopteroak aurreramendu handia izan du hegazkintza zibilean (soroetan intsektu-hiltzaileak botatzeko, salbamenduak egiteko, trafiko gidaritzarako, etab.) nahiz militarrean. Tamaina askotako helikopteroak dira: lagun bakar bat hartzen dutenak eta baita 100 bidaiari sartzeko adinakoak ere.