Heliozentrismoa (grekeraz: ἥλιος-helios «eguzkia» eta κέντρον-kentron «erdigunea») eredu astronomiko bat da. Eredu honen arabera, Eguzkia erlatiboki geldirik dago, eta unibertsoaren erdian kokatuta dago; eta Lurra eta beste planeta guztiak Eguzkiaren inguruan biraka dabiltza. Historikoki heliozentrismoa eta geozentrismoa (lurra erdian kokatzen da, eta eguzkiak ematen dio bira lurrari) kontrako ikuspegiak ziren. Lurra eguzkiaren inguruan biratzen delako ideia K.a III. mendekoa da. Garaiko astronomoen artean arrakastarik izan ez zuen arren, Arkimedesek Zirkuluaren neurriaz liburuan aipamena egin zuen.
Pizkundean, XVI. mendean, Nikolas Koperniko poloniar katoliko eta matematikariak sistema heliozentrista aurkeztu zuen bere De revolutionibus orbium coelestium liburuan 1543an. Antzinean Aristarko Samoskoak ere proposatu zuen teoria hori, Eguzkiaren tamaina Lurrarena baino askoz handiagoa zela ikusita.[1] Heliozentrismoak zalantzan jarri zuen ordu arte indarrean izan zen Klaudio Ptolomeoren teoria geozentrikoa, hau da, Eguzkia eta gainontzeko planetak Lurraren inguruan biratzen zirelako teoria. Koperniko mugitzen ari zen Lur baten ideian oinarritu zen planeten mugimendua azaltzeko. Sistema heliozentrikoan, errazagoa da planeten posizioak zuzen kalkulatzea eta, horregatik, Kopernikok ez zuen inongo zalantzarik izan 2.000 urte baino gehiago iraun zuen teoria geozentrikoarekin apurtzen. Horrek markatu zuen Zientziaren historiaren kopernikar iraultza. Hurrengo mendean, Johannes Keplerrek heliozentrismoari orbita eliptikoen ideia erantsi zion. Haren lanak teleskopio batetik egindako behaketetan oinarritu ziren, eta ondoren Galileo Galileik aurkeztu zituen.
William Herschelek, Besselek eta beste hainbat astronomok egindako behaketekin unibertsoaren erdian Eguzkia dagoela onartu zuten. 1920an Edwin Hubblek unibertsoa askoz ere gauza konplexuagoa zela frogatu zuen: gure galaxia Esne Bidea dela eta mila milioi galaxia gehiago daudela.