Heresia (antzinako grezierazko αἵρεσις, hautaketa, hitzetik ekarria) sinesmen sistema batean, bereziki erlijio batean, aldaketa berri edo eztabaidagarri bat sartzea da. Honek dogmarekin gatazkak sortzen ditu. Apostasiaren ezberdina da, ez delako bakoitzak duen erlijioaren ukapena, eta biraotik ere ezberdina da, ez delako erlijioarekiko irain bat. Heresia baten sortzaileari heresiarka deitzen zaio eta norbanakoei heretikoak.
Erlijio katolikoan, Elizak dogmen aurkakotzat jotzen duen dotrina edo iritzia. Zuzenbide kanonikoaren arabera, heresia formala egiten du bataiatua izan dela jakinda, egoskortasunez edo setaz Elizaren dogmak ukatzen dituenak, eta hura automatikoki eskumikatua izaten da; heresia materiala egiten duenak, berriz, dogma ez du era egoskor eta formalez ukatzen, eta hori ez da automatikoki eskumikatua izaten. Heresia nagusienen artean arrianismoa, monofisismoa eta jansenismoa aipa daitezke[1].
Heresia egiten duenari zinausle edo heretiko esaten zaio.