Histograma

Artikulu hau datu-diagramari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Histograma (argipena)».
Pertsona multzo baten altueren histograma: altuerak 165-170 tartearen inguruan biltzen dira.

Estatistikan, histograma balio ezberdin asko hartzen dituen aldagai kuantitatibo (aldagai jarraitu) bati buruzko datu-multzo handiak (adibidez, pertsona askoren altuerak, autobus batek egunero ibilbide bat egiteko behar duen denbora minututan urte osoan zehar) irudikatzeko erabiltzen den datu-diagrama mota bat da. Datuak tartetan bildu eta maiztasun-banaketa osatu ondoren, maiztasunen araberako zutabeak altxatuz osatzen da. Histograma terminoa lehen aldiz Karl Pearson-ek erabili zuela esaten da.[1] Histogramatik maiztasun-poligono izeneko diagrama eratortzen da. Biztanleria-piramidea ere histogramak baliatuz eratzen da. Ez da diagrama egokia datu kopurua txikiegia denean (20 bat baino gutxiago); kasu horietarako puntu diagrama egokiagoa da. Estatistikan gehien erabiltzen den datu-diagrametako bat da, datuen ezaugarri estatistiko nagusienak (zentroa, sakabanatzea, ...) hautemateko aukera ematen baitu. Dena den, histogramaren parametroak (tarteak, ...) aldatzean, haren interpretazioa asko alda daitekeela hartu behar da kontuan. Halaber, datu-multzo zenbait alderatzeko aukera ematen du, dagozkien histogramak bateratuz. Dagokion ikusizko interpretazio bisualaz haraindi, histogramak datuen hurbilketarako tresna matematiko eta informatiko garrantzitsu dira, hala nola datuen hurbilketan eta datu-konpresioan.[2] Horretaz gainera, industrian Kaoru Ishikawak asmatutako kalitaterako oinarrizko zazpi lanabesetako bat da.[3][4]

  1. "Contributions to the Mathematical Theory of Evolution. II. Skew Variation in Homogeneous Material". .
  2. Ioannidis, Yannis. (2003). The History of Histograms (abridged) (1: Prehistory). .
  3. (Ingelesez) Knapp, Donna. (2010-08-15). The ITSM Process Design Guide: Developing, Reengineering, and Improving IT Service Management. J. Ross Publishing ISBN 9781604270495. (Noiz kontsultatua: 2019-01-29).
  4. «7 Basic Quality Tools: Quality Management Tools | ASQ» asq.org (Noiz kontsultatua: 2019-01-29).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in